Itxi

Segiren kontrako makroepaiketa

Ezkutuan dauden lau gazte auzipetuk babesa jaso dute Durangon

Erredakzioa

Ekitaldian agertuko zirela iragarri bazuten ere, antza denez, ez dira agertu. Hala ere, auzipetuetako bik bideo bat zabaldu dute.

Eztutatuta dauden lau auzipeturi babesa eskaintzeko ekitaldia Durangon. Argazkia: EFE

Ehunka lagunek parte hartu dute Durangon, Segiren kontrako makroepaiketan auzipetuta dauden, baina epaiketara agertu ez diren lau gazteri babesa agertzeko ekitaldi koloretsuan. Ezkutuan dauden lau gazte horiek ekitaldian parte hartuko zutela iragarri zuten, baina antza denez, ez dira agertu.

Ezkutuan dauden lau auzipetuen deialdiari jarraituz, jende andana agertu da Durangon antifaz laranjekin eta mozorroturik. Auzipetuetako bi gaur bertan Durangon izan dira; izan ere, igandeko Gara egunkariaren ale bat eskuan zutela bideo bat grabatu dute Durangoko Azokan.

Irati Mujika, Idoya Iragorri, Goizane Pinedo eta Unai Ruiz auzipetuek internet bidez egin zuten deialdia, eta antifazekin eta mozorrotuta agertzeko eskatu zieten parte-hartzaileei.

13:00etan Durangoko Azokaren kanpoaldean kontzentrazioa egin dute, antifaz eta kamiseta laranjak soinean zituztela.

Elektrotxaranga baten erritmoan Durangoko kaleak zeharkatu dituzte, eta Alde Zaharrean amaitu da kalejira. Amaieran ekitaldia egin dute eta Goizane Pinedo eta Unai Ruz gazteak agertzen ziren bideo bat erakutsi dute. Bideoa gaur bertan grabatutakoa da; izan ere, bi auzipetuek gaurko Gara egunkariaren ale bat zuten eskuan bideoan. Bideoan Goizane Pinedok eta Unai Ruizek jendearen babesa eskertu dute, eta egindako hautua berretsi dute.

Albisteak (2)