Itxi

Parot doktrina bertan behera

AVT: 'Biktima batzuen artean mendeku nahia hazi egin da'

Erredakzioa

Angeles Pedrazak azaldu duenez, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina baliogabetu ondoren % 50 hazi da laguntza psikologikoa eskatu duten biktimen kopurua.

Argazkia: EiTB

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina baliogabetu zuenetik mendeku gosea nabarmen hazi da biktimen artean eta askok laguntza psikologikoa behar izan dute, Angeles Pedraza AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteko presidenteak ohartarazi duenez.

Gosari informatibo batean kazetariei egindako adierazpenetan nabarmendu du AVTren egoitzan egunero hainbat dramari aurre egin behar izaten dietela, batez ere, urrian Estrasburgok Parot doktrina bertan behera utzi ondoren.

Pedrazaren esanetan, % 50 hazi da laguntza psikologikoa eskatu duten biktimen kopurua, eta horietatik gehienak 80ko hamarkadan hil zituzten biktimen senideak eta euskal herritarrak dira. Gaineratu duenez, azken bi hilabeteetan bi alargun ospitaleratu dituzte eta beste bat bere buruaz beste egiten ahalegindu da.

Biktima horiek haserre eta minduta daude, eta ETAk berriz atentatuak egingo ote dituenaren beldur dira. Halaber, zenbait biktimek mendekua hartzeko nahia adierazi dute "justizia ez dela existitzen eta gutaz barre egin dutela ikusita".

AVTko presidentearen iritziz, duela urtebete egindako aurreikuspen txarrenak bete dira. Orduan, biktimentzat inoizko urterik txarrena izango zela eta odola izozteko moduko gertaerak izango zirela adierazi zuen. "Urte txarrena izango zela esan nuen eta asko kritikatu ninduten, baina ez nuen uste hain txarra izango zenik", gaineratu du. Pedrazaren ustez, datorren urtearen hasiera ere txarra izango da, Parot doktrina baliogabetuta, preso gehiago kalera aterako direlako .

Albisteak (4)

Informazio gehiago (1)