2014ko azaroaren 9an
Galdeketaren errolda prestatzen dabil Kataluniako Gobernua
Erredakzioa
Galdeketa prestatzeko 20 laguneko taldea lanean dabil jada, eta Quebec eta Genevan izan dira, ereduak ikusteko. Kataluniako alderdiek adierazpenak egin dituzte atzoko itunaren biharamunean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kataluniako Gobernua 2014ako azaroaren 9an egin asmo duen herri galdeketarako bitarteko teknikoak eta logistikoak martxan jarriak ditu. Hala, kontsultan bozkatuko dutenen errolda prestatzeari ekin dio.
Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak TV3 telebista katean egindako elkarrizketa batean zehaztu duenez, azkeneko urte honetan 20 bat laguneko taldea ari dela lanean galdeketa prestatzen. Quebec eta Genevara joan dira, hango ereduak ikusteko.
Bien bitartean, gaur gobernua osatzen duen Unio alderdiko (UDC) zuzendaritzak babesa agertu dio atzo CiU, ERC, ICV eta CUP alderdiek lortutako itunari. Josep Antoni Duran Lleida Unio alderdi buruzagiak prentsaurreko batean azaldu duenez, erreferenduma deitu arte, alderdiak ez du bere botoa erabakiko. Adierazi duenez, badaude galdeketa egiteko bide legalak baina Estatuak blokeatuko balitu, plebiszitu hauteskundeak egin zitezkeela erantsi du.
Kontsultaren aldeko ituna sinatu duten alderdien artean indartuta geratu da ERC. Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak agertu duenez, bere alderdia CiUren gobernuan sartzeko prest dago, horrek subiranotasun prozesua eta 2014ko galdeketa egiteko bidea errazten badu.
Bestalde, itunetik kanpo geratu diren alderdiek Kataluniako Gobernuaren jarrera salatu dute, beste behin. Pere Navarro PSCko idazkari nagusiak iritzian, "kontsultaren galdera baztertzailea da eta ez da argia, galdeketa egingo ez dela dakitenek egindakoa da". Kataluniako sozialistek "ondo egindako kontsulta" egiteko lanean jarraituko dutela berretsi du, eta Mariano Rajoy Espainiako presidenteari jarrera aldatzeko eskatu dio.
Kritikoen, dena den, Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako popularren (PPC) idazkari nagusia agertu da. Adierazi duenez, "Espainiaren batasunaz erabakitzeko erreferenduma egiteko eskubidea 47 milioi espainiarrei dagokie bakarrik". Ildo horretan, CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiei euren asmoak bazter uzteko eskatu die.