Ibon Aresoren adierazpenak
Azkunak Bilboko alkate izaten jarraituko du, legealdia bukatu arte
Erredakzioa
Ibon Aresok Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan duenez, legegintzaldia amaitu arte, Azkunak Bilboko alkate izaten jarraitzea da Udalaren helburua.
Ibon Areso Bilboko alkateordeak adierazi du legegintzaldia bukatu arte Iñaki Azkunak Bilboko alkate izaten jarraituko duela.
Azkunaren ondorengoa nor izango den ere galdetu diote Aresori, goizean Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan. "Azkunaren ondorengoa udalbatzan dagoen norbait izan liteke, baina ez du zertan hala izan, EAJren hautaketa prozesuak parte-hartzaileak baitira", esan du.
Gainera, Azkunaren osasun egoeraz mintzatu da. "Fisikoki ahul dagoen arren, burua oso ondo dauka. Dena den, maiatzean baino hobeto dago orain, eta adimen aldetik beti bezain argi dago", azaldu du. Horregatik, legealdia amaitu arte Udala Azkunaren "esku" egongo dela azpimarratu du.
Esan bezala, Azkunaren ondorengoari buruz ere hitz egin du. "Nire alderdian hautaketa prozesuak parte-hartzaileak izaten dira; hori dela eta, hautagai egokiena aukeratuko dugu", erantsi du.
Bukatzeko, nabarmendu du EAJk herrietako hautagaiak aukeratzen dituela hiriburuetakoak baino lehenago, eta, beraz, Bilboko alkatearen hautaketa prozesua ez dela 2014ko bukaerara arte abiatuko.