GIC
Currinen taldeak presoak Euskadira ekartzeko eskatu dio Rajoyri
Erredakzioa
Harremanetarako Nazioarteko Taldeak presoek azken agirian zabaldutako erabakia txalotu dute eta "urratsak" emateko eskatu diote Espainiako Gobernuari.
Brian Currin abokatu hegoafrikarrak gidatzen duen Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (GIC) presoen azken agiria txalotu du eta Espainiako Gobernuari presoak, Euskadira hurbiltzea eskatu diote, "bake prozesuan parte-hartze aktiboa izan dezaten".
Taldeak ohar baten bidez eman du Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) argitaratutako agiriaren inguruko iritzia. Taldearen ustez, "ekarpen positiboa eta eraikitzailea da Euskal Herrian zabaldutako eszenatoki berria -ezker abertzaleak bakearekin eta demokraziarekin konpromezua hartu du- sendotzeko".
Nazioarteko bitartekaritzan adituen arabera, presoen erabakia berezia da "Espainiako Gobernuak Aieteko Adierazpenaren inguruan erantzunik ez egonda" eta oso garrantzitsua izan liteke. "Mundu osoan izandako esperientzia kontuan hartuta, argi daukagu presoak ezinbestekoak direla bake prozesuak sendotzeko".
"EPPKren agiriak argi uzten du euskal presoek bake prozesuan duten erantzukizuna onartzen dutela eta horren arabera jarduteko prest daudela", gaineratu dute.
Currinen taldearentzat, Euskadiko gaur egungo egoera oso bestelakoa da, orain urte batzuk zegoenaren aldean, eta komenigarria da ETAko presoak bake prozesuaren parte izateko neurriak hartzea. Gaur egungo espetxe politika aldatzea eta presoak Euskal Herrira hurbiltzea dira, taldearen esanetan, neurriotako batzuk.
Hortaz, GICek "erantzukizunez jokatzea eta neurriko erantzuna ematea, presoak bake prozesuaren parte izateko eta gizartean berriz sartzeko", eskatu dio Gobernuari.