EPPK-ren agiria
Fernandez Diaz: 'Agiriak ez du espetxe politikan aldaketarik ekarriko'
Erredakzioa
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren hitzetan, larunbat honetarako Durangon deitu duten ekitaldia "akelarre nazkagarri gaitzesgarria" izango da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak EPPKri zuzenduta esan duenez, presoen taldeak hilaren 28an kaleratu zuten agiriak ez du aldatuko "ez, oro har, terrorismoaren aurkako politika, ez espetxe politika ez dispertsioa".
Fernandez Diazek kazetarien aurrean prentsaurreko batean egin dituen adierazpenok izan dira Gobernuak presoek hilaren 28an, ministroak esan duenez "Inuzenteen Egunean", zabaldu zuten oharraren inguruan egin duen lehen balorazioa.
"Gobernuaren agenda ez dute zehaztuko ETAk eta haren presoek une bakoitzean egingo dituzten propaganda eta antzezpen ekitaldiek", esan du ministroak.
Fernandez Diazek ironia erabili du agiriaren edukiaz hitz egiteko: "Min handia eragin zutela? Bada, eskerrik asko onartzeagatik", esan du.
Ministroak espero duen agiri bakarra "talde terroristaren behin betiko desagerpena iragartzen duena" dela errepikatu du Fernandez Diazek.
"Ekitaldi nazkagarria"
Fernandez Diaz ministroak, gainera, "Parot doktrina" indargabetu eta gero libre gelditu diren ETAko presoek larunbat honetarako Durangon deitu duten ekitaldia "nazkagarria" dela esan du, "azkenik egiten badute, damutu ez diren terroristek hartuko baitute parte".
Ministroak ekitaldia debekatzeko eskumena orain Auzitegi Nazionalak duela esan du.