Preso ohien agerraldia
'Gatazkaren ondorioetan dugun ardura onartu egiten dugu'
Erredakzioa
Durangoko agerraldian parte hartu duten ETAko preso ohiek EPPKren adierazpenarekin bat egiten dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Parot Doktrina indargabetu ostean, eta lehenago ere, kartzelatik irten diren ETAko zenbait preso ohik euren iritziz gatazkaren ondorioetan duten "ardura osoa" onartu egin dute eta bat egin dute abenduaren 28an EPPK-k jakinarazitako adierazpenarekin.
Ildo horretan, ETAko preso ohiek eragindako mina onartu dute; bide baketsuak eta politikoak soilik erabiltzeko ezker abertzaleak burututako estrategia aldaketa babestu dute; eta euskal presoen sakabanaketa amaitzea eskatu dute, espetxe-politika Euskal Herrian ireki den testuinguru politiko berrira egokituta.
Durangon esan dute hori guztia, larunbat honetako eguerdian egindako ekitaldian. Kartzelatik irten diren ETAko 70 bat preso ohik hartu dute parte, Jose Antonio Ruiz 'Kubati'k, Francisco Javier Martinez Izagirre 'Javi de Usansolo'k, eta Itziar Martinezek, besteak beste, barne.
Bestalde, preso ohien iritziz, "gatazkaren irtenbidea planteamendu oso baten garapenarekin" etorriko da, "erro politikoari" begirako planteamendu batekin, "Euskal Herriak duen erabakitzeko eskubidean gauzatu beharko litzatekeena". "Normalizazio politikoak oinarrizko eskubide hori egin ahal izatea eskatzen du", gehitu dute.
Gainera, nabarmendu dute "gatazkaren epe armatua amaituta, ondorio guztiek izan beharko dute irtenbidea", eta, hortaz, beharrezkoa litzateke, euren ustez, "ohiz kanpoko neurri guztiak indargabetzea". Iragarri dutenez, lanean jarraituko dute "gure herriak gaur egun oraindik pairatzen duen errepresioa gainditzeko eta merezi duen askatasuna lortzeko".
"Kartzelan, ia 1.500 urte; horietatik, 200 legez kanpokoak"
Halaber, azpimarratu dute Parot Doktrina kendu ostean kartzelatik atera diren gaur Durangon bildutako preso ohiek "kartzelako ia 1.500 urte pilatzen dituzte, eta horietatik 200 legez kanpo gehituak dira". Gainera, salatu dute "sakabanaketak eragindako minaren eta heriotzaren lekukoak" izan direla, "ohiz kanpoko legeen eta neurrien lekukoak".
EPPKren bitartekoak, euren aldetik, kritiko azaldu dira "20 urtetik 30 urterako epeetan kartzelan egondako pertsonen inguruan, zigorgabetasunaz hitz egiten dutelako", eta "gehiegizko zigorra" jasan dutela. Arantza Garbayok eta Estanis Etxaburuk, bitartekoen izenean, "benetako zigorgabetasuna Estatuaren aparatuak ari dira gozatzen, gatazkaren beste aldeko preso bat ere ez dagoelako" esan dute.
Halaber, nabarmendu dute ondorengo asteetan EPPKren hausnarketak zenbait eragile sozial eta politikorekin partekatuko dituztela, eta presoak “egoera berrian ekarpen positibotzat” jo dituzte.