Guardia Zibilaren operazioa
Atxiloketak gertatu aurretik eman du horren berri Barne Ministerioak
Erredakzioa
Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak gertatutakoa argitzeko ikerketa martxan jarri nahi du. Gertatutakoa ikertzea "nahitaezkoa" dela azaldu dute Fiskaltzako iturriek.
Arratsaldeko hiruak aldera Barne Ministerioak prentsa oharra igorri du Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan polizia operazioa egiten ari zirela esanaz. Bertan zehazten zenez, "ETAko ustezko hainbat kide atxilotu dituzte eta miaketak egin dituzte", nahiz eta horiek non izan diren ez duten zehaztu.
Oharraren arabera, Auzitegi Nazionaleko seigarren atala zen ikerketa zuzentzen ari zena eta Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza zen operazioa koordinatzen ari zena.
Ministerioak adierazi duenez, "ETAko kideen abokatuen egoitzetako batean izan dira atxiloketak, bilera bat egiten ari ziren bitartean" eta Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuak azken hilabeteetan egindako ikerketaren ondorio ziren atxiloketak.
Informazioa igorri eta minutu gutxira, 15:30 inguruan, Ministerioak bigarren prentsa oharra igorri die komunikabideei. Ohar horretan Ministerioak informazioa gezurtatu eta lehendabiziko oharra atzera bota du.
Fiskaltzak gertatutakoa ikertu nahi du
Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak gertatutakoa argitzeko ikerketa martxan jarri nahi du; izan ere, Barne Ministerioak albistea zabaldu eta handik gutxira gezurtatu du, operazioa hasi baino lehen.
Gertatutakoa ikertzea "nahitaezkoa" dela azaldu dute Fiskaltzako iturriek, "garrantzia honetako operazio bat horrela zapuztea deitoragarria" delako.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ostegun honetan erabakiko du: gertatutakoa ikertzeko izapideak zabalduko ditu edo Eloy Velasco epaileari ikerketa abian jartzea eskatuko dio.