Itxi

Polizia-operazioa

Guardia Zibilak ezin izan du Iñaki Goioagaren bulegoa miatu

Erredakzioa

Iñaki Goioaga bulegoaren miaketa bertan behera geratu da, bera non dagoen ez dakitelako.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Guardia Zibilak ezin izan du Iñaki Goioaga EH Bilduko senatari eta abokatuak Bilbon duen bulegoa miatu, bera non dagoen ez dakitelako, Europa Press albiste-agentziak zabaldu duenez.

Bilboko Elkano kalean dago aipatu bulegoa, Arantza Zulueta abokatuaren bulegoa dagoen eraikin berean, hain zuzen ere.

Arantza Zulueta eta beste zazpi lagun, tartean Jon Enparantza abokatua, atzo arratsaldean atxilotu zituzten, EPPKren bitartekari taldearen aurka Guardia Zibilak egindako operazioan.

Atzo iluntzean hasi eta goizaldera arte luzatu diren miaketak amaitu ostean, Guardia Zibilak Zulueta berriro eraman du gaur eguerdian Elkano kaleko bulegora, dokumentazio gehiago aurkitzeko asmoz.

Bi orduko miaketaren ostean, 14:20 inguruan, guardia zibilak eraikinetik atera dira eskuetan zenbait poltsa zituztela, EFEk zabaldu duenez.

Goioagaren bulegoaren arakatzea behin-behinean bertan behera geratu da, Goioaga bertan izan ez delako.

Atzoko operazioan ez zuten Goioagaren bulegoa miatu, senataria izateagatik baimen berezia behar zutelako. Velasco epaileak gaur igorri dio Guardia Zibilari miaketa egiteko baimena.

Goioaga senataria da otsailaren 1etik eta horrek PPren eta UPyDren kritika gogorrak ekarri zituen, abokatu moduak ETAko presoak defendatu izan dituelako.

 

Albisteak (8)

Bideoak (1)