Atxiloketa Araban
Epaiketan aurkeztu ez zen Segiko kide bat atxilotu dute Aramaion
Erredakzioa
Atxilotua Irati Mujika da. Urriaren 14an hasi zen epaiketan ez zen agertu, auzitegiak epaitzeko legitimotasunik ez zuela argudiatuta.
Irati Mujika Segiko akusatua atxilotu du gaur Polizia Nazionalak, Aramaion (Araba). Mujika ez zen iragan urrian, Auzitegi Nazionalean, hasitako epaiketara azaldu.
Terrorismoaren aurkako iturriek gaur jakitera eman dutenez, Mujika bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuten urriaren 14an, epaiketara ez agertu eta gero. Segiko 40 kideren aurkako epaiketa hasi zen, baina batzuk ez ziren aurkeztu auzitegiak epaitzeko legitimotasunik ez zuela argudiatuta.
Mujikarentzako bederatzi urteko espetxe-zigorra eskatzen du fiskalak, banda terroristako kide izatea egotzita, Segiko ustezko buruzagia zelako.
Irati Mujikak, Unai Ruizek, Idoia Iragorrik eta Goitzane Pinedok bideo bat zabaldu zuten Interneten. Erabakia desobedientziagatik hartu zutela azaltzen zuten bideoan.