Itxi

Polizia-operazioa

Operazioa 'jazarpen ideologiko eta politikoa' dela salatu du Goioagak

Eriz Lotina | eitb.com

EH Bilduko senataria eta abokatua "haserre eta kezkatuta" azaldu da, operazioarekin "estatu demokratikoa urratu eta hautsi dutelako". Gainera, atzo aurkitzeko moduan egon zela esan du Goioagak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iragan asteazkenean Guardia Zibilak EPPKren bitartekarien kontra egindako polizia-operazioa "jazarpen politikoa eta ideologikoa" izan dela salatu du gaur Iñaki Goioaga EH Bilduko senatariak eta abokatuak.

Goioaga "haserre eta kezkatuta" azaldu da, operazioarekin "estatu demokratikoa urratu eta hautsi dutelako". Bestalde, atzo aurkitzeko moduan egon ez zenik gezurtatu du senatariak. "Egun normala egin eta nire etxean lo egin nuen. Une oro aurkitzeko moduan egon naiz", adierazi du. "Senatari eta abokatu gisa sekula ez diet nire erantzukizunei uko egin", erantsi du.

Bestalde, polizia-operazioa oztopatu duenik ukatu du abokatuak. "Nik nire eskubidea erabili dut, ez dut operaziorik oztopatu", azaldu du. "Miaketa legez kanpokoa zen eta ez dut baimendu, besterik ez, eta ez nuke sekula baimenduko legez kanpokoa zelako", gaineratu du. "Barne ministroaren lardaskeria izugarria estaltzeko ni erabiltzea ez dut onartuko", kritikatu du.

"Nik ez dut miaketa baimenduko, daukadan eskubide bat delako", errepikatu du. "Genovako abokatuen bulegoak miatu ditzatela Barcenasen paperak aurkitzeko", esan du.

"Estatu demokratikoaren lerro gorriak zeharkatu dituzte", errepikatu du. "Presoen abokatuen erruduntasun presuntzioa zabaltzen" ari dela ohartarazi du Goioagak.

Miaketa eta atxiloketa gehiago egin nahi zituzten

Alfonso Zenon abokatuak Goioagak baino lehen hartu du hitza prentsaurrekoan. Guardia Zibilak operazioan pertsona gehiago atxilotu nahi zituela salatu du Zenonek, besteak beste, Fernando Arburua (presoen medikua) eta Nagore Lopez de Luzuriaga (Etxerat).

Gainera, besteak beste, Jon Olarra, Ainoa Mugica eta Josetxo Arizkurenen ziegak miatu nahi zituztela esan du Zenonek.

"EPPkren bitartekarien, presoen kolektiboaren eta abokatuen aurkako operazioa izan da", azaldu du abokatuak, "nahiz eta horien ekintza erabat publikoa eta bistakoa izan".

"Espainiako Gobernua jokoz kanpo dago eta azken egunetan emandako pausoa oso garrantzitsua dela ez du onartu nahi. Ez dute onartzen, eta iraganeko agertokietara itzuli nahi dute", esan du Zenonek.

Operazioak "irregulartasun eta astakeria juridiko ugari" dituela azpimarratu du abokatuak. "Senatari baten bulegoa miatu dute, izugarria da; abokatuen bulego asko miatu dituzte, ez bakarrik atxilotuenak", nabarmen du.

Horrela, presoen kolektiboko bitartekarien abokatuek atxilotuak "berehala aske" uztea eskatu dute, "ETArekin zerikusirik" ez dutelako eta horren akusaziorik jaso ez dutelako, presoen aldeko lan "publikoagatik" baizik.

Albisteak (3)

Bideoak (1)