Itxi

Terrorismoaren biktimak

Bilboko mobilizazio berria debekatzea eskatu du AVTk

Erredakzioa

Deialdi berriak "erabaki judizial bat bertan behera utzi" nahi duela adierazi du Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidenteak.

Angeles Pedraza Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT) presidentea. Argazkia: EiTB

Bilboko manifestazio berria debekatzea eskatzeko Auzitegi Nazionalaren aurrean salaketa aurkeztu du gaur Terrorismoraen Biktimen Elkarteak (AVT).

Era berean, APAVT eta Dignidad y Justicia elkarteek salaketak aurkeztu dituzte Auzitegi Nazionalean.

Deialdi berriak "erabaki judizial bat bertan behera utzi" nahi duela adierazi du Angeles Pedraza AVTko presidenteak. Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak presoen aldeko Tantaz Tanta kolektiboaren deialdia debekatu du gaur.

"Nahiz eta manifestazioa debekatu, geldi geratuko zirenaren itxaropena sekula ez dut izan", deitoratu u AVTko presidenteak.

"Tarte txikia"

Agintariek mobilizazio berria debekatzeko "tarte txikia" dutela onartu du Pedrazak, horregatik Ertzaintzari eta Estatuko segurtasun indarrei "erne egoteko" eskatu die, manifestazioa ez egiteko.

Hala ere, deialdi berriak ez du Pedraza ezustean harrapatu. "Era batera edo bestera, manifestazio bat egingo zuten nahiz eta epaile batek debekatu", esan du AVTko presidenteak.

"Zuzenbidezko Estatuarekin pultsua egiten ari dira, eta edonola irabazi behar dutela argi dute beraiek, hiltzaileak direlako eta legea betetzen ez dutelako ez orain, ezta sekula ere", azaldu du Pedrazak.

UPyD

Bestalde, "EAJ beste behin ere, historikoki egin duen bezala, ETA gaitzetsi gabe jarraitzen dutenen defentsan atera da, euskal herritarrentzako eta Euskadiren etorkizunerako zoritxarreko deialdian", salatu du Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak.

Lokarri

Lokarrik, aldiz, manifestazioari babesa eman dio eta bere bazkideen eta kolaboratzaileen parte-hartzea eskatu du.

Alderdi politiko eta sindikatu deitzaileak zoriondu ditu Lokarrik, "erantzukizunez jokatu dutelako, desadostasunak alde batera utzi, batzen gaituena aintzat hartu eta bake eta elkarbizitzari ekarpen garrantzitsua egin diotelako".

Etxerat

Etxerat presoen senitartekoen eta lagunen elkarteak mobilizazioan parte hartuko du. Agiri batean, manifestazioari babes "osoa" eman dio Etxeratek.

Albisteak (3)