Elkarrizketa Radio Euskadin
"Zauria ez da itxiko asmoa presoak espetxean usteltzea bada"
Erredakzioa
Ardanza lehendakari ohiak eta Ramon Jauregui lehendakariorde ohiak ETAren amaiera aztertu dute, Aljerreko negoziazioen 25. urteurrena den honetan.
Jose Antonio Ardanza (EAJ) lehendakari ohiak eta Ramon Jauregui (PSOE) horren lehendakariorde izandakoak ETAren amaiera aztertu dute gaur "Boulevard" Radio Euskadiko saioan, Aljerreko negoziazioen 25. urteurrena eta Ajuria Eneko Itunarenaren 26.a betetzen den honetan.
Horren ildotik, asmoa "ETAko presoak espetxean usteltzea eta bizi diren bitartean bertan jarraitzea" bada, "zorigaiztoko zauri hau" [terrorismoa] ez dela inoiz "itxiko" ohartarazi du Ardanzak.
Halaber, abertzaletasuna ETA izan baino lehen ere bazela gogorarazi du, eta, beraz, "ETA desagertuta ere, aldarrikapen abertzalea ez da desagertuko", gaineratu du.
1985etik 1999ra lehendakari izandakoa ezberdinen artean akordioak lortzearen alde agertu da, "akatsa" izango litzatekeelako adostasuna "fronte nazionalistan edo ez nazionalistan" bilatzea.
Ardanzaren ustez, Ajuria Eneko Ituna berritu egin beharko litzateke "esparru askotan", baina akordio horrek ezarri zuen "norabidea" gaur egun ere "baliagarria" izan litekeela iradoki du.
Agintari ohiak "tren guztiak galdu" dituela esan dio ETAri, eta, horregatik, "urrats erabakigarriena" egiteko deia egin dio. "Erretiratu egin bada, desegin dela iragarri dezala", aldarrikatu du.
Larunbatean Bilbon izan zen manifestazioari dagokionez, Ardanzak deitoratu egin du PSE-EEk bertan parte hartu ez izana, "funtsezkoa" baita.
Jaureguik "zentzuz" jokatzea eskatu dio Rajoyri
Bestalde, Ramon Jaureguik ETAko presoen gaia "zentzuz" kudeatzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Horren esanetan, Euskadin bakea dago, "baina Madrilen garaipena ETAri eman nahi diotela dirudi". "Gobernuak iragana interpretatu nahi du, populismoagatik edo eskuin muturraren beldur delako, baina garai hau handitasunez eta zentzuz kudeatu beharra dago", gaineratu du.
Buruzagi sozialistak txalotu egin du Ajuria Eneko Ituna, "terrorismoaren aurka borroka egiten genuen modua aldatu zuelako", eta ETAren indarkeriaren amaiera "aldebakarrekoa eta baldintzarik eta ordainik gabekoa" izan dela nabarmendu du.
Jaureguik baztertu egin du bakea "presoen truke" negoziatzea, duela 25 urte Aljerren abiatutako bidea errefusatuta, eta ETAren historia "porrot biribila" izan dela adierazi du.
"Orain beste eztabaida bat dago: bizikidetza nola berreskuratu eta zauriak nola itxi. Ekuazioa ez da 'bakea presoen truke'. Demokratek eskuzabal jokatu behar dute, legeak ezarriz eta garai hau gaindituz", esan du.