Itxi

Hauteskunde aurreko agertokia

Europako hauteskundeetan CiUrekin koalizioa osatzea baztertu du ERCk

Erredakzioa

Ondorioz, Kataluniako alderdi abertzaleek ez dute hauteskunde zerrenda bakarra osatuko.

Oriol Junqueras ERCko buruzagia. Argazkia: EFE

2014ko Europako hauteskundeetan CiUrekin koalizioa osatzea baztertu du ERCk, Oriol Junqueras alderdi abertzaleko buruzagiak gaur iragarri duenez. Ondorioz, Kataluniako alderdi abertzaleek ez dute hauteskunde zerrenda bakarra osatuko.

Europako hauteskundeak maiatzean izango dira. ERCk ekitaldia egin du gaur Torrelles de Llobregaten (Bartzelona), "Bozkatzea demokrazia da" kanpainaren barruan.

ERCko presidentearen hitzetan, bakarrik CDCrekin osatutako hautagaitza ez litzateke erabakitzeko eskubidearen alde dauden Kataluniako alderdien koalizioa; izan ere, UDCk, ICVk eta CUPek ez dute parte hartu nahi.

Kataluniako hautagaitza bateratua baztertu ostean, datozen asteetan Europako hauteskundeetara Bildu eta BNG ohiko bazkideekin batera aurkeztea edo aurrenekoz bakarrik egitea erabaki beharko du ERCk.