Harreman zuhurrak
Jaurlaritzak eta PSEk bakean aurrera egiteko harremanak izan dituzte
Erredakzioa
Jaurlaritzak Sorturi txosten bat igorri ziola jakin eta gero sortutako polemika baretzen saiatu dira jeltzaleak eta sozialistak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzak, EAJk eta PSE-EEk harreman zuhurrak izan dituzte ostegun honetan, bakeari eta bizikidetzari buruzko gaietan jarrerak gerturatzeko, EiTBk jakin duenez.
Hain zuzen ere, ETAren amaiera azkartzeko helburuz, urrian Jaurlaritzak Sorturi txosten bat igorri ziola ezagutu eta gero sortutako polemika baretzen saiatu dira jeltzaleak eta sozialistak.
Izan ere, PSE-EEko kideak haserre agertu ziren filtrazio horren aurrean, harreman horien berri hedabideetan izan zutelako, Iñigo Urkullu lehendakariaren ahotik izan beharrean.
Horren aurrean, Jaurlaritzak eta lehendakariak polemika konpontzeko eta bi aldeen arteko konfiantza berreskuratzeko borondatea helarazi diote PSE-EEri, baina alderdien arteko harremanen artean "zuhurtzia" mantendu behar dela ohartarazita. Horren harian, sozialistek ere ezker abertzalearekin harremanak dituztela gogorarazi dute jeltzaleek.
Jaurlaritzaren, EAJren eta PSE-EEren arteko harreman zuhurretan goi-buruzagiek hartu dute parte.
Rajoyren zain
PSE-EErekin harremana bideratu eta gero, EAJ PPrekin saiatuko da orain. Lehenik eta behin, lehendakaria Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin batzartuko da, baina oraindik ez dute bilera hori egiteko datarik zehaztu. Ondoren, Arantza Quiroga EAEko PPko presidentearekin elkartuko da.
Testuinguru horretan, EAJ Eusko Legebiltzarreko bake eta bizikidetza lantaldea sustatzen ere saiatuko da. Une honetan, jeltzaleek eta EH Bilduk baino ez dute parte hartzen horretan, baina EAJk PSE-EE erakarri nahi du, bakegintzari buruzko eztabaida guztiak foro horretan egiteko.