Itxi

Kataluniako PP

Rajoy: ‘Argi izan: ez da galdeketarik egongo, ezta zatiketarik ere’

Erredakzioa

Espainiako presidenteak Artur Mas kataluniarrari esan dio ez dutela autodeterminazio galdeketa baten inguruan hitz egingo, “legearen aurkakoa delako”.

Mariano Rajoy Kataluniako PPren batzarrean izan da. EFE

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Bartzelonan adierazi duenez, presidentea den bitartean, ez da galdeketa independentistarik egingo Katalunian, eta “ez da zatiketarik egongo Espainian”.

“Argi geratu dadila”, gehitu du Rajoyk. Beti “zuhurra” izaten saiatu dela adierazi du, eta hori “gauzak argi” uztearekin bateragarria dela esan du.

PP alderdiak Bartzelonan egin duen batzarrean adierazi duenez, Espainia “ondare zatiezina” da, eta biztanleria osoa da Estatuaren “jabekidea”. Beraz, Espainiaren inguruko iritzia biztanleria osoak eman dezakeela uste du Rajoyk.

Hitzaldian aipatu duenez, autonomia “ez da burujabetasuna eskualdatzea, ez du lurralde baten jabetza eskaintzen, legearen arabera gobernatu ahal izatea, baizik”.

Espainiako presidenteak Artur Mas kataluniarrari esan dio ez dutela autodeterminazio galdeketa baten inguruan hitz egingo, legearen aurkakoa delako eta burujabetza espainiar guztiei dagokielako: “Ez dadila nire bila ibili biztanleriari kalte sakona egiten dion zerbaiti buruz eztabaidatzeko”.

“Nire betebeharra kontsulta hori debekatzea da, bestela, legearen aurka jokatuko bainuke”, esan du.

Horrela, kontsulta bultzatzen dutenei bizikidetza arauak eta besteen eskubideak errespetatzeko eskatu die, eta ‘erabakitzeko eskubidea’ “eufemismo” bezala erabiltzea kritikatu du, benetan ‘autodeterminazio eskubidea’ esan nahi baitute.

Gainera, presidenteak “zintzotasunez” jokatzeko eskatu die Kataluniaren independentziaren aldeko politikariei, eta herritarrei “begietara” begiratuta, proiektu horren “kostuak eta arriskuak” azaltzeko esan die.

PPk Katalunian ospatu duen batzarraren amaieran, Rajoyk esan du hori dela “agintari arduratsu batzuei eska dakieken gutxienekoa”.

Alderdi popularraren buruaren ustez, talde independentistek “etorkizun idiliko bat sortu nahi dute, guztia ongi ateratzen den etorkizun bat, hizki txikian ere eragozpenik gabea, baina serio hitz egiten denean aldeak eta kalteak erakutsi behar dira”.

Albisteak (2)