Itxi

Bake prozesua

Uriartek ETAren desarmea eta espetxe-politika 'leuntzea' eskatu du

Erredakzioa

"Biktima guztiei", gai direnean, "barkatzeko" esan die, Euskadiren "ehundura urratua berriro josteko".

Your browser doesn’t support HTML5 video

Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emerituak ETAri armak uzteko eta desegiteko eskatu dio, eta Espainiako Gobernuari, aldiz, espetxe-politika "leuntzeko", prozesua ez dadin "usteldu". Gainera, "biktima guztiei", gai direnean, "barkamena eskaintzeko" eskatu die, "bat eginda bizi nahi duen erkidego baten ehundura urratua berriro josteko".

Bilboko Arriaga antzokian Sabino Arana saria jaso aurretik hitz egin du Uriartek. "Bakeari eta adiskidetzeari egindako ekarpen garrantzitsuagatik, eta pertsona guzti-guztien giza eskubideen defentsa irmoagatik" eman diote aipatutako saria.

1998ko su-etenean Espainiako Gobernuaren eta ETAren "bitartekari" lanetan aritu zen gotzain emeritua. Haren ustez, "prozesua nahikoa geldituta dago, eta narriadura arriskua izan lezake". Dena dela, ETA ez da "lehengo indarkeria egoerara" itzuliko, Uriarteren aburuz, hori "ia ezinezkoa" baita.

Arrisku nagusia "prozesua usteltzea" dela adierazi du. Hori dela eta, hiritarrei, instituzioei eta Elizako agintariei eskatu die "prozesuko aktore nagusiei babesa emateko, 50 urteren ostean hainbeste behar dugun bake eta adiskidetze prozesu honetan lo hartu ez dezaten".

Uriarteren aburuz, usteltzea gertatu ez dadin, beharrezkoa den "pausoa" "guztiek" eman behar dute. Gotzainak uste du euskal herritar bakoitzak egin dezakeela "zerbait", gizarteko estamentu desberdinez gain (unibertsitateak, udalerriak, auzoak…).

ETAk, lehenik, armak utzi behar dituela esan du, "behin-betiko uzteko", eta deuseztatu egin behar dela. Baina, era berean, "gizartean egon daitezkeen bitartekari garrantzitsu guztien pausoekin bat egin behar du". Gobernuak, gainera, espetxe-politika "leundu, egokitu eta eguneratu" egin behar duela azpimarratu du.

Biktimentzat hitzak

Biktima guztientzat hitzak izan ditu Uriartek, eta onartu egin du haientzat zaila dela, "50 urteko epe gogor honetako alde urratua eta lazgarria" direlako, baina, ahal dutenean, "barkamena" emateko eskatu die.

"Eskuzabaltasun keinu zail eta mingarri hori oso garrantzitsua da batera bizitzea nahi duela erakutsi duen herri honen ehundura urratua berriro josteko", adierazi du.

Zentzu horretan, "bake soziala, adiskidetzea eta banakako nahiz taldeko giza eskubideak ez daude gotzain baten kezketatik at, nahiz eta erretiratuta egon", azpimarratu du.

Albisteak (2)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)