Noos auzia
Cristina Infanta epaiketara kotxez joatea baimendu du epaileak
Erredakzioa
Francisco Martinez Espinosa Palmako epaile dekanoak otsailaren 8ko epaiketara kotxez joateko baimena eman dio Cristina infantari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Otsailaren 8an Noos auziaren harian egingo den saioan kotxez joatea baimendu du Francisco Martinez Espinosa Palmako epaile dekanoak. "Segurtasun neurri zorrotzen" ondorioz hartutako neurria dela adierazi du epaileak.
Erabaki honekin, Polizia Nazionalak egindako eskakizunari erantzun dio Martinez Espinosak, eta infanta Jose Castro epailearen aurrera deklaratzera joaten denean "beharrezko segurtasun neurriak" bermatzea bilatzen du.
Gai honek sortu duen arreta ikusita, Palmako epaile dekanoak prentsaurrekoa eman du erabaki hori hartzeko arrazoiak azaltzeko. Polizia Nazionalaren eskakizuna jaso ostean hartutako erabakia dela esan du, eta Errege Etxeak ez duela inolako eskakizunik egin gaineratu du.
Infantak egin beharreko deklarazioa abiapuntu bezala hartuta egin duten segurtasun txostenari esker ondorioztatu duenez, "aurkako taldeak egotea aurreikusten da, eta epaitegiak sarrera eta irteera desegokiak ditu. Gainera, hedabideetan, sare sozialetan eta gizartean oihartzun handia eragingo duen ekitaldia izango da".
Komunikabideek infantaren sarrera-irteeretan izango duten tokiaz ere mintzatu da epailea: "Hedabideek bere lana ahalik eta hoberen egiten laguntzea izan da nire ardura, eta beste epaiketa batzuetan baino aukera gehiago eskaini ditugu kasu honetan".