Lehenengo aldiz
Bake Plana onartuta, Poliziaren gehiegikerien biktimen testigantzekin
Erredakzioa
Terrorismoaren biktimen testigantzak ez ezik, Poliziaren gehiegikerien biktimenak ere entzungo dituzte eskoletan, historian lehenengoz.
Eusko Jaurlaritzak 'Bake eta Bizikidetza Planaren oinarriak eta proiektuak hezkuntza-arloan (2013-2016)' dokumentua onartu du astearte honetan. Horren arabera, terrorismoaren biktimen testigantzak ez ezik, Poliziaren gehiegikerien biktimenak ere entzungo dituzte eskoletan, lehenengo aldiz.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak egin du behin betiko testuaren aurkezpena, eta Euskadiko Hezkuntza Kontseiluaren babesa ere jaso du. Kontseiluak "positibotzat" jo du dokumentua. Planean, Hezkuntza Kontseiluak egindako ekarpen guztiak sartu ditu Jaurlaritzak.
Testuaren arabera, eskoletan ikasleek terrorismoaren biktimen testigantzak entzuten jarraituko dute, baina Poliziaren gehiegikerien biktimek ere hitz egingo dute bertan.
Cristina Uriarteren esanetan, horrela "bakearen eta giza eskubideen arloan egiten diren ekimenak biderkatzea da" helburua. Sailburuak gizarte eragileek 'Bake eta Bizikidetza Planaren oinarriak eta proiektuak hezkuntza-arloan (2013-2016)' garatzeko egindako lana eskertu du, Hezkuntza Kontseiluarena bereziki.