Itxi

Bigarren autopsia

Hasi dira Bellonen bigarren autopsia egiten konfiantzazko medikuarekin

Erredakzioa

Elorrion bilkura egin dute, 12:00etan hasita, herriko plazan, Bellonen heriotza salatzeko. Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udaletxe atarietan ere, jendetza batu da, sakabanaketa politikaren aurka.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Arkaitz Bellonen gorpuari bigarren azterketa forentsea egiten ari dira gaur goizean Kadizeko Klinika Forentsean, oraingo honetan familiaren konfiantzazko medikuarekin batera. Atzo, konfiantzazko medikurik gabeko azterketa forentsea egin zioten gorpuari, familiak salatu zuenez.

Arkaitz Bellon presoa hilik aurkitu zuten astearte honetan Puerto I (Cadiz) kartzelako bere ziegan. Espetxe Zuzendaritzak ohar batean azaldu zuenez, jatorduaren osteko atsedenaren ondoren, ziegak irekitzean, funtzionarioek "ohean geldirik" aurkitu zuten presoa. Bakarrik zegoen ziegan, lehen graduan zutelako. "Berez" hil zela adierazi zuen Espetxe Zuzendaritzak.

Bellon (36 urtekoa eta Elorrioko bizilaguna) 13 urteko espetxe-zigorra betetzen ari zen, 2000. urtean Donostiako Aste Nagusian izandako 'kale-borroka' ekintza bat egitea leporatuta, eta maiatzean zen espetxetik ateratzekoa.

Heriotzaren berri izan ostean, presoaren familiak autopsian konfiantzazko mediku bat egotea eskatu zuen.

Gertatutakoa salatzeko, Sortu, Eusko Alkartasuna eta Alternatiba alderdiek, LAB, EHNE Bizkaia, CNT, ESK, eta STEE-EILASh sindikatuek eta beste hainbat eragile sozialek mobilizazioak deitu zituzten atzorako Euskal Herriko herri guztietan, eta gaurko, 12:00etan, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udaletxe atarietan, "Espetxe politika honi ez, sakabanaketarekin amaitu" lelopean. Jendetza batu da, eguerdian, hiru hiriburuotan.

Elorrion berriz, Bellonen senideek eta lagunek deituta, herriko plazan egin dute elkarretaratzea, gaur. Arkaitzen argazki haundi bat jarri dute Udalaren parean, krespoik beltzarekin, eta Estatu espainiarrean indarrean dagoen espetxe politika salatu dute. Eguerdi partean, Elorrioko denda, taberna, jatetxe eta enpresa ugari itxi egin dituzte, protesta modura. Udalbatzak, berriz, EH Bilduren eta EAJren botoekin, Bellonen familiari elkartasuna adierazteko mozio bat onartu du.

Atzoko prentsaurrekoan,  testu bat irakurri zuten Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta Egoitz Askasibar ESAITeko ordezkariak. Horien esanetan, "Arkaitzi gertaturikoa edozein presori gerta dakioke edozein momentutan eta ez da horrelakorik errepikatu behar". Halaber, heriotza honen eragile zuzentzat jotzen duten kartzela politika aldatzeko eskatu zuten.

Etxeratek Arkaitz Bellonen heriotza argitzea eskatu du

Espetxe Zaintzak arrazoi naturalen ondorioz hil dela adierazi badu ere, Arkaitz Bellonen heriotzaren nondik norakoak argitzeko eskatu du Etxerat presoen senideen elkarteak. Etxeraten esanetan, Bellonek ez zeukan osasun arazo garrantzitsurik, eta orain arte "traumatismo arinak" bakarrik izan zituen.

Etxeratek salatu duenez, Kode penalaren aplikazioarekin Arkaitz Bellonek aske behar luke, bere zigorraren bi herenak eta hiru laurdenak beteta zituelako.

Bestalde, gutxienez 4 alditan jipoiak salatu zituela gaineratu du.

Heriotzaren nondik norakoak ikertzeko eskatu du EAJk

Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak atsekabea azaldu du Arkaitz Bellon presoaren heriotzaren aurrean eta egoera aztertzeko eskatu du, Elorrioko gaztea zein baldintzetan hil den zehazteko.

"Autopsia egiteaz gain, heriotzaren inguruko egoera aztertu behar da; esaterako, gazteak aurretik sorospenik jaso ote zuen jakiteko", nabarmendu du.

Ohar batean, kartzela politika errotik aldatzeko eta "terrorismoaren aurkako erreminta bezala diseinatu zutenean eman zioten salbuespen egoerarekin amaitzeko" eskatu dio Egibarrek Espainiako Gobernuari.

Konfiantzazko mediku bat autopsian egotea eskatu du Elorriok

Arkaitz Bellonen heriotzaren aurrean, Elorrioko EAJk eat Bilduk adierazpen instituzional bat adostu dute familiari elkartasuna adierazi eta Bellonen heriotzaren ingurukoak argitzeko eskatzeko.

"Familiak informazio guztia ahalik eta arinen izan dezala gardentasun osoz", nabarmendu dute.

Ostiralean, 12:00etan, prentsaurreko bat eskainiko dute, antolatu dituzten ekimen eta mobilizazioen berri emateko.

Albisteak (1)

Bideoak (3)