Radio Euskadi
Zabaleta:'Espainiako kartzeletan osasun arreta oso eskasa da'
Erredakzioa
Egoerari konponbidea emateko, espetxeen eskuduntzaren transferentzia lehenbailehen eska dezala eskatu die Zabaletak Iñigo Urkullu lehendakariari eta Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari.
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, gogor kritikatu du Estatu Espainiarreko kartzelen egoera. Arkaitz Bellon asteon Cadizeko kartzela batean zendu den preso elorriotarraren heriotzaren harira, Zabaletak esan du Espainiako espetxeetan presoek jasotzen duten osasun arreta oso eskasa dela, eta Euskal Herriko kartzela batean egon izan balitz, "oso bestelako arreta" jasoko zuela.
Egoerari konponbidea emateko, espetxeen eskuduntzaren transferentzia lehenbailehen eska dezala eskatu die Zabaletak Iñigo Urkullu lehendakariari eta Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari.
"Bake prozesuan" ezinbesteko urratsa, orain arte, ETAk emandakoa da, "atzera bueltarik ez duena", adierazi du Aralarreko kideak. Bere hitzetan, baina, norabidea zehaztea eta erabakiak hartzea euskal gizarteari dagokio, "Rajoyri edota Urkulluri baino gehiago".
Zabaletan iritzian, bakebidean PP ez da beharrezko pausoak ematen ari, eta aukera asko galtzen ari da, "desarmerako prozesuan eragile izatea", adibidez. Kartzela politika aldatzeko eskariei entzungor egitea leporatu dio parlamentari nafarrak Alderdi Popularrari.
Arkaitz Bellonen heriotzaz galdetuta, Zabaletak esan du bere etxetik gertu dagoen espetxe batean egon izan balitz, egoera bestelakoa izango zela. Besteak beste, Euskal Herriko espetxeetan osasun arreta Espainiako kartzeletan baino hobea dela ziurtatu du, eta, horretaz gain, etxekoen gertutasunak egoera arinduko lukeela gaineratu du.
"Dudarik gabe, eta estatistikei erreparatuta, argi eta garbi dago osasun arreta oso eskasa jasotzen dutela Espainian sakabanatuta dauden presoek. Preso horietako bakoitzak oso istorio gogorra eta krudela bizi du kartzelan", zehaztu du.
Kartzela politikaren aldaketa ezinbestekoa da bakebidean aurrera egiteko, Zabaletaren aburuz. Ezer baino lehen, "presoak Euskal Herrira ekartzea da lehen urratsa", eta horretarako, "kartzelen eskuduntza bere gain hartu behar dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak".
Desarmea
Balizko desarmeari buruz, Zabaletak esan du bere balioa izango lukeela, baina balio "sinbolikoa" izango litzakeela. Dena dela, "ezinbesteko urratsa denez", nazioarteko bitartekarien esku-hartzea beharrezkotzat jo du. "Armak nazioarteko bitartekariei entregatu beharko lizkioke ETAk. Horrek balio sinbolikoa du, baina Estatua argudiorik gabe geratuko litzateke. Sinbolikoa da, baina garrantzitsua", esan du.