Itxi

Nafarroako Gobernua

Goicoecheak ez du dimisiorik emango eta Nievesen salaketak ukatu ditu

Erredakzioa

Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren esanetan, "erabat faltsuak" dira, eta ez du kargua erabili "onura pertsonal eta profesionalak" lortzeko. Nievesen kontrako neurri legalak aztertuko ditu.

Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiaren salaketa "guztiz faltsua" dela esan du, eta akzio legalak aztertuko dituela iragarri du. "Ez dut dimisioa aurkeztuko, jarraituko egingo dut", adierazi du.

Idoia Nievesek kontseilariari Ogasunean "esku-sartzeak" egitea leporatu dio, baita "aurreikusita zegoen berrikusketa bat galarazten saiatzea" ere, besteak beste. Horren ostean, prentsaurrekoa eman du Goicoecheak.

Lourdes Goicoecheak "harridura eta  haserrea" erakutsi ditu Idoia Nievesek "informazio interesatua" eman duela iritzita, eta entzundakoak "astindu" egin duela adierazi du.

"Erabat ukatzen dut nire kargua mesede pertsonalerako edo profesionalerako baliatu izana; inoiz ez dut nire kargua etekinik ateratzeko baliatu. Are gehiago, nire kargua sakrifizio pertsonal, familiar eta profesional handiak eginez egiten dut", nabarmendu du.

Horrez gain, "ez dut utziko pertsona batek nire ohorea eta Gobernuko profesional guztien lana zalantzan jartzea, eta beharrezkoak ikusten ditudan neurriak hartuko ditut", azaldu du.

Goicoechearen iritzian, argi dago honakoa "Gobernuaren kontrako erasoa" dela.

 

Albisteak (1)