Itxi

Memoria historikoa

Azkunak ez ditu alkate frankisten erretratuak kendu nahi

Erredakzioa

"Nik ez dut ezer kenduko, ez baita nirea, eta errespetua izan behar dut Bilboko jende guztiarekiko, bai eskuindarrekiko bai ezkertiarrekiko", adierazi du alkate jeltzaleak.

Iñaki Azkuna Bilboko alkatea. Argazkia: EiTB

Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen esanetan, epaile batek eskatu arte, ez ditu udaletxean jarrita dauden alkate frankisten erretratuak kenduko. EH Bilduren eskariari, beraz, ez dio jaramonik egingo.

Udaletxeko korridorean alkate ohi guztien erretratuak daude, frankismo garaikoak barne, eta EH Bilduk alkate faxisten irudiak kentzea eskatu du, "gerra kriminalak" direlakoan eta "errepresio frankistaren milaka biktimentzat umiliagarria" delako.

Azkunak Bilbon emandako prentsaurreko batean azpimarratu duenez, bera alkate den artean ez du erretraturik kenduko, "historiari errespetua izan behar zaiolako", "nahiz eta gustuko ez izan".

"Aztoratu egin dira orain hauek? 40 urtetan hiltzaileen erretratuak erakutsi dizkiguten hauek aztoratu behar dira?", esan du alkateak, presoen argazkiei erreferentzia eginez.

EAJko alkateak nabarmendu du ez dituela erretratuak kenduko, epaile batek horretara behartu ezean. Izan ere, Azkunaren hitzetan, udaletxeko korridorean, frankismo, monarkia, Errestaurazio, demokrazia eta Errepublikako erretratuak daude nahastuta, "Bilbo anitza" delako, "baina ez dakit batzuek hori ulertu duten".

"Nik ez dut ezer kenduko, ez baita nirea, eta errespetua izan behar dut Bilboko jende guztiarekiko, bai eskuindarrekiko bai ezkertiarrekiko", gaineratu du alkate jeltzaleak.

Albisteak (3)