Itxi

Ultimata Barcinari

Barcina: 'Ez dut dimisioa emango, aurkez dezatela zentsura mozioa'

Erredakzioa

PSNri, "nahi izan ezkero", Bildurekin zentsura mozioa "gaur bertan" aurkezteko proposatu dio Nafarroako presidenteak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak ez du dimisioa emango eta, horrenbestez, "nahi izan ezkero", Bildurekin zentsura mozioa "gaur bertan" aurkezteko proposatu dio PSNri. "Horrela, Nafarroako herritarrek ez lukete ikuskizun hau pairatu beharko", gaineratu du.

Nafarroako telebistari eskainitako elkarrizketan, sozialistek emandako ultimatumari buruz mintzatu da Barcina.

Nafarroako presidentearen hitzetan, aukera bakarra "Roberto Jimenezek aurkeztutakoa da". "Oso konplexua eta onartezina da gertatzen ari dena. Roberto Jimenez jaunak Nafarroako presidente izan nahi du, eta gainontzeko guztia berdin zaio. Izan ere, helburu hori betetzeko berdin zaio tartean faltsukeriak egotea eta erabiltzea. Berak hordagoa bota du, ikerketa batzordearen epaia aurreratu du, eta, berriro diot, epaia frogarik aurkeztu gabe eman du", esan du.

Sozialistek zentsura mozioa aurkeztu nahi badute, "gaur bertan aurkezteko" eskatu du Barcinak. "Berehala aurkez dezala. Nik ez dut dimisioa emango. Bildurekin nahi duen unean aurkez dezake zentsura mozioa PSNk", berretsi du.

Bestalde, Mariano Rajoy Espainiako presidentearekin atzo arratsaldean hitz egin zuela nabarmendu du. "Gure erkidegoan gertatzen ari den honegatik guztiagatik kezkatuta dago, eta telefonoz hots egin zidan hemen zer gertatzen ari zen galdetzeko. Nik galderari erantzun nion eta, ondoren, Nafarroako egia defendatzeko indarra eman zidan".

Rubalcabarekin ez du zuzenean hitz egitea lortu. "Deitu egin diot, baina ez dut Rubalcabarekin hitz egitea lortu", adierazi du.

PSN: 'Ez dezagun arreta desbideratu"

Polemika honen beste protagonistak, Roberto Jimenez sozialistak, argi hitz egin du gaur goizean Ser irrati katean. "PSN ez du ustezko ustelkeria delituetan nahastutako Gobernu edota pertsonarik babestuko, hori oso argi daukagu. Gainerako guztia arreta desbideratzea da", azpimarratu du.

Horren arian, PSN eta Bilduren arteko balizko aliantza erabilita, Barcina "arreta desbideratu" nahi duela kritikatu du Jimenezek. "Hau ez da Bildu auzia, hau Nafarroako Gobernuaren barruan dagoen ustelkeria kasu bat da".

Aitor Esteban EAJko ordezkariak Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren atzoko adierazpenak gogor kritikatu ditu. Diaz "tamalgarria" dela adierazi du Estebanek, "gauza izugarriak" esan dituelako bai Nafarroak bizi duen egoerari buruz eta baita Ceutako tragediaren inguruan.

Sortuko presidenteak, berriz, UPN Nafarroako Gobernutik "botatzeko" aukera "historikoa" zabaldu dela azpimarratu du.

Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak esan du Nafarroako klima politikoa "jasangaitza" dela. Horregatik, hauteskundeak aurreratzeko eskatu du, "gizarteak hitza hartzeko" garaia iritsi dela iritzita. Halaber, zentsura mozioa onartu ondoren Gobernua PSNri ematearen alde agertu da, baina hauteskundeak aurreratzeko bada.

Albisteak (6)

Bideoak (1)