Itxi

Krisia Nafarroan

EH Bildu: 'Hauteskundeak egongo dira, ez dago atzera bueltarik'

Erredakzioa

Zentsura mozioa nortzuk babes lezaketen edota presidentetzarako hautagaia nor izan litekeen bezalako kontuak 'teknikoak eta bigarren mailakoak' direla esan du koalizioak.

Maiorga Ramirez, Bakartxo Ruiz eta Xabi Lasa, gaur Iruñean. Argazkia: EITB

Barkartxo Ruiz, Maiorga Ramirez eta Xabi Lasa EH Bilduko Nafarroako parlamentariek, goizean Iruñean eman duten prentsaurrean, adierazi dutenez, maiatzaren 25ean hauteskundeak egongo dira, "hori da lehentasuna". "Jasangaitza den egoera honek UPNren zikloaren amaiera izan behar du, eta hartara, hauteskundeak dira bide bakarra. Hauteskundeak izatea da gure lehentasuna. Zentsura mozioa tresna gisa geuk ere erabili genuen pasa den urtean eta ez zen aurrera atera. Baina oraingoan, adostea  lortzen badugu , gure lana hortik joango da", esan du Bakartxo Ruizek.

Maiorga Ramirezen hitzetan, "honek ez du atzera bueltarik. Maiatzaren 25ean hauteskundeak izango dira Nafarroan". Bide horretan, jada, lanean buru-belarri ari direla gaineratu du eta oposizioko alderdi denekin, PSN tartean, hitz egiten ari direla ziurtatu du.

Zentsura mozioa ze alderdik babestuko lukeen edota presidentetzarako hautagaia nor izango litzatekeen bezalako kontuak "bigarren mailakoak eta teknikoak" direla gaineratu dute EH Bilduko kideek.  Garrantzitsuena hauteskundeak deitzea dela esan dute, "UPNren zikloari amaiera emateko".

PSOEren zenbait buruzagik, azken egunotan, erabat baztertu dute PSNk  Bildurekin akordiorik erdiestea, zentsura mozioa aurrera atera ahal izateko. Horren harira,  Ramirezek esan du  mahai gainean dagoena ez dela PSOE eta Bilduren artekoa,  "gizartearen eskari ozen bati erantzuna emateko konpromisoa dago ezbaian".

Egoera aztertzeko eta aurrera begirako erabakiak adosteko,  eragile politiko, sozial eta sindikalekin harremanetan daudela esan du EH Bilduk. Zentsura mozioa nola bideratu aztertuko dute, hori baita "oposizio  osoaren borondatea".

 

Albisteak (1)

Bideoak (2)