ETA-REN DESARMEA
ETAk armak erabili ezinik uzteko prozesua hasi du, desarmearen bidean
G. PALACIOS | EITB.COM
BBCk prozesu horren erakusgarri den bideoa argitaratu du. Bideoan ETAko bi kide eta Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko bi ordezkari azaltzen dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Desarmea helburu, ETAk armak erabili ezinik uzteko prozesua hasi duela jakinarazi du ostiral honetan Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeak. Prozesu horren erakusgarri den bideoa grabatu dutela eta erabili ezinik utzitako arma eta lehergailuen inbentario ofiziala eginda dagoela zehaztu du. Bideoa BBCk argitaratu du, Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordea agerraldia egiten ari zela.
Prozesu horren iraupenaz eta epeez ez dute xehetasunik eman, baina urrats berri honek ETAren erabateko armagabetzea ekarriko duela ziur agertu dira egiaztatzaileak. Ildo horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak esan du "pausu txikia" dela, "eznahikoa", baina, aldi berean, "ezinbestekoa desarme osoa burutzeko".
Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak onartu du armak entregatzeko helburuarekin ematen diren urratsak "positiboak" direla, baina Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordearen ekarpena beharrezko ez dela erantsi du.
"ETAk armak benetan entregatu nahi baditu, ez du egiaztatzaileen beharrik; bere ezkutalekuen koordenadak Poliziaren eta Guardia Zibilaren esku uztearekin nahikoa dauka".
Agerraldia
Azken egunotan ikusmin handia piztu duen agerraldia 14:15 inguruan hasi da Bilboko Carlton Hotelean. Ram Manikkalingamek agiri bat irakurri du, ingelesez eta gazteleraz.
"ETAk arma, munizio eta lehergailu kopuru jakin bat erabili ezinik utzi ditu, eta hori guztia bideo batean grabatuta dago. Era berean, erabili ezinik utzitako arma horien inbentarioa eginda dago", azpimarratu du Manikkalingamek.
2013ko apirilean, armak erabili ezinik uzteko prozesua egiaztatzeko eskaera luzatu zion ETAk Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeari. "2013ko irailean, ETAk prozesu horretan urratsa emateko prest zegoela jakinarazi zigun eta urrats hori 2014ko urtarrilean gauzatu zuen, Batzordearen aurrean", azaldu du.
Gauzak horrela, Batzordeak nabarmendu du ETAk hasitako prozesua "sinesgarria" eta "garrantzitsua" dela. "ETAk dituen arma, munizio eta lehergailu guztiak erabili ezinik uztera eramango duen prozesua izango da", erantsi du.
"Beste prozesu batzuetan daukagun esperientzia aintzat hartuta, arma eta lehergailu batzuk erabili ezinik utzi eta inbentarioa egin izana erabateko desarmea ekarriko duen ezinbesteko urratsa da", adierazi du Manikkalingamek. Ildo horretan, eragile politiko eta sozial guztien babesa eskatu du.
Amaitzeko, Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeak "determinazio osoz" eta "partzialtasunik gabe" lanean jarraituko duela berretsi du, behin betiko bakea lortzeko asmoz.
BBCren bideoa
BBCk argitaratutako bideoan ETAko bi kide azaltzen dira zenbait arma eta lehergailuak egiteko materiala Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko Ram Manikkalingam eta Ronnie Kasrils ordezkarien esku utzita.
Bideoaren iraupena minutu bat eta 30 segundokoa da. Izara zuri batekin estalitako mahai batean agertzen dira aipatu armak eta lehergailua egiteko materiala. Mahiaren albo batean ETAren anagrama txiki bat ikus daiteke eta atzeko horman Picassoren Guernica obraren erreprodukzio bat.
Inbentarioa konprobatu ostean, ETAko kide batek erakunde armatuaren zigilua jartzen dio eta jarraian Manikkalingamek sinatzen du dokumentua.
Bilerak lehendakariarekin eta alderdiekin
Ram Manikkalingamek, Ronni Kasrilsek, Chris Maccabek, Satish Nambiarrek, Fleur Ravensbergenek eta Aracelly Santanak osatutako batzordeak bilera-sorta egin dute gaur goizean. Carlton Hotelean egindako agerraldiaren aurretik Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Sorturekin eta Alderdi Sozialistarekin batzartu dira.
Datozen orduetan Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeak lanean jarraituko du eta alderdi politikoekin, sindikatuekin, patronalarekin eta eragile sozialekin bilduko da.
Atzemandako armak
ETA erabili ezinik utzitako armak eta materiala ondoko da: 16,4 kilo lehergai (pentrita, kloratita eta sodioa), lau arma (fusil bat, subfusil bat eta bi pistola), 300 bala, granada bat, bi tenporizadore eta 180 metro hari detonatzaile.