Itxi

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Jonan Fernandez:'Oztopoak oztopo, prozesuak azkeneraino jarraituko du'

G. Palacios | eitb.com

ETAren armagabetze prozesua azkar gauzatzeko Espainiako Gobernuak "baldintza teknikorik" ez jartzea eta Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordearen lana "zailtzea" kritikatu du Jonan Fernandezek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jonan  Fernandez Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak azpimarratu du ETAren armagabetze prozesua "azkeneraino" iritsiko dela, "oztopoak oztopo eta Espainiako Gobernuak baldintza teknikorik jarri ez arren".

Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko kideek Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izanak, prozesu hau guztia zailtzen duela iritzi dio Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.

Nolanahi ere, "zailtasunak zailtasun, eta Espainiako Gobernuak baldintza teknikorik jarri ez arren, egiaztatzaileek lanean jarraitzeko borondatea agertu dute eta ziur agertu dira ETAren armagabetze prozesua gauzatzeko baldintzak egon badaudela, eta hori positiboa da", adierazi du.

Fernandezek azkeneko gertakariak "ikuspuntu zabalarekin begiratzeko" deia egin du, eta egoera zaila izan arren, aurrera egiteko aukerak egon badaudela esan du. "Alternatibak badaude eta bilatu egingo ditugu", esan du.

Gauzak ikuspuntu zabalarekin begiratzerakoan, bi gertakari nabarmendu du: ETAk duela bi urte bere jarduera armatua betirako amaitzeko hartu zuen erabakia eta duela hilabete batzuk euskal presoek bide legalak erabiltzeko hautuarekin bat egin izana.

Filtrazioak

Bestalde, azken orduotan zenbait komunikabidek zabaldutako informazioaz (ostiralean argitaratutako bideoan agertzen ziren ETAko kideek erabili ezinik utzitako armak eraman zituztela argitaratu da) galdetuta, Fernandezek esan du "filtrazio interesatuak" direla eta berak egiaztatzaileek esandakoari soilik ematen diola sinesgarritasuna.

"Azken orduetan emandako informazio batzuk ez dira zuzenak. Prestigiodun egiaztatzaileak dira  eta lan serioa egiten ari dira. Filtrazio interesatuak dira eta ez da komeni horrelakoei kasurik egitea. Egiaztatzaileek ostiralean egindako iragarpenari egin behar zaio kasu eta egiaztatzaileek esan dute ETAren armagabetze prozesua sinesgarria dela", azaldu du.

Amaitzeko, Jonan Fernandezek esan du ETAk "ahalik eta azkarren" armagabetu behar duela, eta prozesu hori luzatzeak nori egiten dion mesede azter dezala eskatu dio.

 

 

Albisteak (3)

Bideoak (1)

Audioak (1)

Informazio gehiago (1)