Itxi

ETA-REN DESARMEA

Bertan behera utzi dute Aieten egin behar zuten ekitaldia

Erredakzioa

Besteak beste, Tony Blair, Jonathan Powell, Gerry Adams eta Bertie Ahern ziren etortzekoak. Giroa "nahasita" dagoela adierazi dute antolatzaileek.

Lokarrik bertan behera utzi du datorren asteazkenean Donostian egin behar zuen ekitaldia. Bertan, bake prozesuaz eta ETAren desarmeaz hitz egin behar zuten, eta, besteak beste, Tony Blairrek, Jonathan Powellek, Gerry Adamsek edota Bertie Ahernek parte hartu behar zuten.

Antolatzaileek adierazi dutenez, giroa "nahiko nahastuta" dago, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak Auzitegi Nazionalera deklaratzera eraman ondoren.

Egoera zein den ikusita, ekitaldia egin ahal izateko baldintzak betetzen ez direla adierazi dute antolatzaileek, eta, hortaz, atzeratzea erabaki dute. Hala ere, ez dute ekitaldia egiteko data berririk zehaztu.

Ekitaldia Donostiako Aiete Jauregian egin behar zuten, baina ostiraletik Egiaztatzaileekin gertatutakoa ikusita, bilera atzeratzea erabaki du Lokarrik.

2011ko urrian, Aieteko Nazioarteko Konferentzian parte hartu zuten pertsonak berriro bildu nahi zituen Lokarrik datorren asteazkenean, bake prozesuan "sakontzeko".

Lokarriren ekitaldi horretan, nazioarteko aditu askoren hitzaldiak espero ziren, Jonathan Powell, Tony Blair, Gerry Adams edota Bertie Ahern politikarienak, besteak beste.

Biltzarra Donostian egin nahi zuten, egiaztatzaileen iragarpena entzun eta bost egunera.

Ekitaldia Baionan, larunbatean

Bestalde, Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea Baionara joango da larunbatean, Lokarrik eta Bake Bideak bultzatutako ekitaldian parte hartzera.

Currin abokatuarekin batera, Pierre Hazan irakaslea ere Baionara joango da.

Albisteak (5)