Itxi

Nafarroako Ogasuna

Nievesen salaketetan 'kontraesanak' daudela uste du Goicoecheak

Erredakzioa

Atzoko saioan, kontseilariak ukatu egin zituen akusazio nagusiak, eta gaur jarraitu du deklaratzen. Barcinaren txanda 16:00etan izango da.

Lourdes Goicoechea Nafarroako kontseilariaren agerraldia ikerketa batzordean. Argazkia: EiTB

Lourdes Goicoechea Nafarroako presidenteorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariak Nafarroako Parlamentuko Ikerketa batzordearen aurrean deklaratzeari ekin dio berriro, asteleheneko saioa 22:00etan eten ostean.

Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen agerraldia 16:00etarako aurreikusita dago.

Nafarroako Gobernuaren presidenteordeak gaurko agerraldian azaldu duenez, ez du inola ere "esku hartzerik" egin berari ez zegozkion kontuetan, eta "nire lana eta eskumenak betetzera" mugatu omen da, "inori mesede egiteko asmorik gabe" eta araudia errespetatzen.

UPNren, PSNren eta Bilduren galderei erantzunez, Goicoecheak ukatu egin zituen atzo akusazioak eta beste batzuk justifikatu egin zituen. Gaur ere berretsi egin du Nievesi ez ziola inspekzio planaren txostena eskatu. Izan ere, Nievesek salatu zuenez, txosten hori eskatu zion bere bezero ohiei eragiten ote zien jakiteko.

Nafarroako Kutxari (CAN) dagokionez, Nievesek salatu zuen kudeatzaileen datu fiskalak eskatu zizkiola Goicoecheak Yolanda Barcina prozesu judizial baten barruan zegoen garaian, baina kontseilariak ukatu egin du presidenteak interesa zuenik eta "txosten horien eskumena norena zen" soilik galdetu zuela zehaztu du.

BEZ

Bestalde, gaur goizean adierazi duenez, 80 eta 90 enpresa artean izan dira BEZa itzultzean atzerapenak jasan dituztenak. Hala ere, Goicoecheak azaldutakoaren arabera, ezin du enpresa horien inguruko informazio gehiagorik eman.

Nievesen izendapena berretsi zuen

Bestalde, Ekonomia kontseilariak azaldu duenez, ez zuen "zalantzarik" izan 2012ko ekainean, kontseilari izendatu zutenean, Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari karguan berresteko. Hala ere, ez omen zen harritu zuzendari ohiak urtarrilaren 20ean dimisioa eman zuenean, BEZaren diru-sarreren beherakadak "tentsio handiak" eragin zituelako.

Gainera, Goicoecheak aitortu du ez zuela Ogasun kontseilari izan nahi eta Ogasun zuzendariaren izena eman zuela kargu horretarako. "Presidenteak hautagai posibleen inguruan galdetu zidanean Nieves proposatu nion", azaldu du.

Era berean, Goicoecheak berak eta Yolanda Barcina presidenteak ez dimititzeko eskatu omen zioten Nievesi: "Nik eusteko esan nion, momentu zaila egokitu zitzaigula. Nire etxean bildu nintzen Nievesekin eta presidentearekin, eta Gobernuaren babes osoa eman genion egoera aurrera ateratzeko".

Nievesen kontraesanak

Kontseilariak azaldu duenez, Nievesek gerora egin dizkion salaketetan "kontraesanak" antzeman ditu, baina ez du uste Ogasuneko zuzendari ohiak oposizioarekin ituna egin duenik.

Asteleheneko saioa

Atzoko saioan Goicoecheak ezeztatu egin zituen Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiaren salaketak, eta ukatu egin zituen esku-hartzeak zein faborezko tratua eta isilpeko dokumentazioa eskatu izana.

Nafarroako Parlamentuan abiatutako ikerketa batzordean agerraldia egin zuen atzo Goicoecheak, eta Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak bere kontra egindako salaketen inguruko galderei erantzun zien bertan.

Hiru ordutik gora deklaratzen eman ondoren, bertan behera utzi zuten kontseilariaren agerraldia. Atzoko saioan UPNren, PSNren eta Bilduren galderei bakarrik erantzun zizkien Goicoecheak, eta, beraz, Aralar-NaBairen txandarekin abiatuko dute gaurko saioa. Ondoren, PPNk, Izquierda-Ezkerrak eta Geroa Baik egingo dituzte galderak.

Lurrikara politikoa

Idoia Nievesen salaketak lurrikara politikoa eragin du Nafarroan, eta oposizioaren gehiengoak dimititzea eta hauteskundeak aurreratzea eskatu dio Yolanda Barcina presidenteari. Eskaera berbera egin zuten milaka herritarrek larunbatean, Kontuz kontsumitzaileen elkarteak Iruñean deitutako manifestazioan.

Azken egunetan, Yolanda Barcinak onartu egin du Nafarroan hauteskundeak aurreratzeko aukera "% 99koa dela", nahiz eta Foru Ogasunean legez kanpoko jarduerarik egon izana ukatu.

Albisteak (5)

Bideoak (3)