Politika orokorreko eztabaida
Rubalcabak dio kontratu mugagabeen tarifa ez dela baliagarria izango
Erredakzioa
'Rajoy jauna, zein herritan bizi zara?' galderarekin abiatu du oposizioko buruak hitzaldia, politika orokorreko Kongresuko eztabaidan. Kataluniarekin hitz egitea eskatu dio CiUk Rajoyri.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak Rajoyri zuzendutako galdera batekin hasi du bere agerraldia, politika orokorreko eztabaidan: "Rajoy jauna, zein herritan bizi zara?'', galdetu dio Espainiako presidenteari. Ondoren, oposizioko buruak hedabideetako zenbait lerroburu irakurri ditu, "espainiarren bizitzarekin" eta presidenteak goizean esandakoekin lotutakoak.
Arratsaldeko agerraldi horretan, sozialisten liderrak esan du kontratu mugagabe bakoitzeko 100 euroko tarifa lauak ez duela ''ezertarako'' balioko. ''100 eurorekin inork ez du nahikoa kontratu iraunkorrak egiteko, mahai gainean jarri dizkioten kontratu multzoa eskura dituenean'', gaineratu du sozialistak, goizean Rajoyk iragarritako neurriaren inguruan.
Erreforma fiskalari dagokionez, PSOEko idazkari nagusiak azpimarratu du zergadunek joan den legegintzaldian baino gehiago ordainduko dutela. Ildo horretan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga hobetu daitekeela aitortu du, baina herritar horiei BEZa eta OHZa igoko zaiela azaldu du.
"Desberdintasunaren apoteosia"
Gobernuko presidenteari legegintzaldia "desberdintasunaren apoteosia" bihurtu izana egotzi dio. PSOEko buruaren arabera, Rajoyk krisi ekonomikoa aitzakia modura erabili du, eta horregatik ez ditu Kongresuan espainiarren arteko desberdintasunak "behin ere" aipatu. Krisi ekonomikoa eskubideak eta askatasunak murrizteko erabili izana egotzi dio, eta agerian utzitako harrotasun horren arrazoiaz ere galdetu du, ''atzean hainbeste sufrimendu dagoenean''.
Katalunia, Ceuta eta abortua
Halaber, Kataluniaren inguruan Rajoyk duen jarrera gaitzetsi egin du Rubalcabak, sozialistaren hitzetan presidentearen jarrera bakarra behin eta berriz Espainiaren batasunera jotzea delako. Ildo horretan, eztabaida gidatzera deitu du, eta Katalunian arazo bat dagoela aintzat hartzea eta elkarrizketa abiatzea eskatu dio. ''Ez, ez eta ez esatea ez da irtenbidea'', Rubalbacaren ustez, ''ez delako konponduko eta okerrera egingo duelako''.
Bestalde, PSOEko liderraren aburuz, Ceutako tragedia argitu beharra dago, ''Guardia Zibilak merezi duen errespetuagatik''. Rubalcabak esan du ''inongo protokolok'' ez duela jasotzen 'Espainian sartu nahi duten lagunen aurka istiluen kontrako materiala erabiltzea''. Hala, ''lehenik eta behin egia eta ondoren erantzukizunak'' eskatu dizkio Rubalcabak Rajoyri.
Halaber, abortuaren legearen erreforma bertan behera uzteko eskatu du.
Goizean Rajoyk bezala, Rubalcabak ere ez du aipatu ere egin azken egunotan ETAren desarmearen harira izandako gertakariak.
Diskurtso ''apokaliptikoa'' egitea egotzi dio Rajoyk Rubalcabari
PSOEko buruaren kritikei erantzunez, eztabaidan ''demagogia egiten'' aritzea egotzi dio Rajoyk Rubalcabari eta 2008tik 20011ra bitarteko langabeziaren igoera eta diru-sarreren murrizketa gogora ekarri dizkio.
"Espainiaren historiako murrizketa sozialik handiena 3,5 milioi langabeak eta 70.000 milioi euroko diru-sarreren galera izan dira'', esan du Rajoyk. Presidenteak berretsi egin du Espainia orain bi urte baino hobeto dagoela, ''Gobernuaren neurriei esker, eta oposizioa gora behera''.
Ceutako tragediaren kritikei dagokienez, Rajoyk erantzun du Espainiak aurrerapauso handiak egin dituela arazoa konpontzeko, eta arazoa garai batean Kanarietan eta Gibraltarren zegoela gogoratu du presidenteak. ''Askotasun gertatu izan da eta inoiz ez dizugu zuri gaitzespenik egin'', gaineratu du.
Kataluniarekin hitz egitea eskatu du Duranek
Josep Antoni Duran i Lleida CiUko bozeramaileak ere ''erreakzionatzea'' eta ''elkarrizketaren aldeko apustua'' egitea eskatu dio Rajoyri, ''Espainia ebaki'' bat nahi baldin ez badu. Hala, proposamen bat egitea eskatu dio Rajoyri.
"Egizu elkarrizketaren alde. Batzuk eta besteok marra gorririk gabe hitz egin behar dugu, horrek bestearen lekuan jartzea eskatzen badu ere'', gaineratu du. Edonola ere, Duran i Lleidak dio ''edozein akordio Kataluniako herritarrei kontsultatu'' behar zaiela.
CiUren kritikei erantzunez, Rajoyk adierazi du ez dela bera katalanei egia esaten ez diena. ''Ez naiz ni sinestarazten diena erabakitzeko eskubide beraiek bakarrik dutela, eskubidea espainiar guztiena denean'', gaineratu du.
Erantzunen txandan presidenteak elkarrizketarako borondatea berretsi du, eta CiUko ordezkariak, bestalde, zera eskatu dio: elkarrizketarako prest baldin bada, Artur Masekin batzartzeko ''data eta ordua'' jartzea. Edonola ere, Rajoyk argi utzi du ez duela galdeketaren inguruko inolako negoziaziorik onartuko. Hala, elkarrizketarako prest egon den arren, galdeketaren inguruko ''atxikimendu kontratua'' mahai gainean aurkitu zuela azpimarratu du eta, presidente gisa, ezin duela hori ''inolaz ere'' onartu. ''Galdeketa independentistarik ezin da egon, ez Katalunian ezta Espainiako beste lurralde batean ere'', adierazi du. ''Ez naiz immobilista. Errealista naiz'', gaineratu du.
Rajoyren hitzaldi ''triunfalista'' hori ''lotsagarria'' dela dio IUk
Cayo Lara IUko buruak Espainiako presidentearen hitzaldi ''triunfalista lotsagarria'' kritikatu du, eta ekonomia-eliteei begira gobernatzea leporatu dio. Berriz ere Rajoyren dimisioa eskatu du Larak, hauteskundeak funts ilegalekin ''dopatuta'' irabazi zituelako eta programa bete ez duelako.
Lararen hitzetan, Gobernuaren politikek ''enplegua suntsitzen dute, eskubideak murrizten dituzte, giza eskubideak bortxatzen dituzte, askatasunak murrizten dituzte, pobrezia handitzen dute, ustelkeria besten dute eta ez dute iruzur fiskalaren kontra egiten''. ''Gobernuaren erreforma guztiak boteredunen aldekoak dira, eta langileak, pentsiodunak eta herritarrak kaltetzera daude bideratuta'', Cayo Lararen ustez.
IUko buruari zuzendutako erantzunen txandan, Rajoyk adierazi du abortuaren erreformaren legea aurkeztuko duela eta ez duela Barne ministroa kargutik kenduko.
''Pinotxo bezala'' gezurretan aritzea egotzi dio Rajoyri ICVk
Joan Coscubiela ICVk Kongresuan duen bozeramaileak, bestalde, ''gezurretan'' aritzea egotzi dio Rajoyri, erreferendumak deitzeko eskumenaren inguruan Kataluniako Parlamentuak onartutako proposamenaren harian.
''Hitzontzikeria'' eta ''iruzurra'' egotzi dio UPyDk Rajoyri
Rosa Diez UPyDk Kongresuan duen bozeramaileak ''hitzontzikeria'' eta ''iruzurra'' egotzi dizkio Rajoyri. Diazen ustez, Gobernuak dagoeneko ez du sinesgarritasunik eta herritarrak ''esperantza faltsuekin'' engainatu izana egotzi dio. Zehazki, zergen jaitsiera iragarri izana aipatu du UPyDk.
Halaber kritikatu egin du ustelkeriaren, monarkiaren eta independentzia judizialaren inguruko eztabaidak saihestea eta, azkenik, gaurko saioan biktimak ahaztu izana leporatu dio Rajoyri. Biktimen inguruan, presidenteak zera erantzun du: ''Hauekin gaude, haien oinazearekin, eta beti egongo gara''.
Bigarren jardunaldia
Zazpi ordu eta erdikoa legen eztabaida-saioaren ondoren, asteazkenean, 10:00etan, ekingo diote berriz jardunari. EAJk hasiko du saioa (Aitor Esteban); ondoren Talde Mistoaren txanda izango da (Amaiur, ERC, BNG, CC-NC, Compromís, Foro, UPN eta Geroa Bai); eta, azkenik, PP arituko da (Alfonso Alonso).
Ondoren, proposamenak erregistratuko dituzte (15na talde bakoitzak) eta ostegunean bozkatuko dituzte.