POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDA
Amaiur: 'PPk ez du armagabetzerik nahi, ezta bakea sendotzea ere'
I.G. - G.P. | EITB.COM
"Bakegintzan urratsak emateko gaitasuna duzue, baina ez duzue ezer egiten; ez duzue armagabetzerik nahi, ez duzue bakerik nahi", leporatu dio Xabier Mikel Errekondok Mariano Rajoyri.
Your browser doesn’t support HTML5 video
ETAren armagabetzerako baldintzak ez jartzea eta, ondorioz, Euskal Herrian bakea sendotzea nahi ez izatea leporatu dio Amaiurrek Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari.
Politika orokorreko eztabaidaren bigarren saioan, Xabier Mikel Errekondo Amaiurren bozeramaileak gogor kritikatu du Rajoyren jarrera: "Bakegintzan urratsak emateko gaitasuna duzue, baina ez duzue ezer egiten; ez duzue armagabetzerik nahi, ez duzue bakerik nahi".
Gauzak horrela, Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeko kideek Auzitegi Nazionalean deklaratu behar izana "ikuskizun lotsagarria eta iraingarria" izan zela iritzi dio.
Gatazkaren ondorioak gainditzea bere lehentasuna ez ote den galdetu dio Errekondok Rajoyri, eta "immobilismoan harrapatuta" egotea eta "edozein aurrerapauso oztopatzen" aritzea leporatu dio.
Horrenbestez, espetxe-politika aldatzea eskatu dio. "Dispertsioa eta salbuespen neurriak amaitu egin behar dira, beste garai bateko neurriak direlako eta heriotzak eta sufrimendua eragiten dituelako".
Euskal Herriaren eta Estatuaren artean gatazka-politiko dagoela ukaezina dela esan du. "Nola da posible gatazka-politikorik ez dagoela esatea? Estatuko bi alderdi handien zatiketak Euskal Herrian eman dira eta ukatzen duzuen gatazka horren ondorioz. Zergatik eta nola sortu du dira, bestela, UPyD eta VOX alderdiak?", galdetu du.
"Kataluniarekin arazo politiko bat duzuela onartu zenuen atzo, eta Euskal Herriarekin ere arazo politiko bat duzue, eta arazo hori gure nazioa eta gure erabakitzeko eskubidea aitortuta konponduko da", azpimarratu du.
Demokraziari edo giza eskubideei buruzko "lezioak emateko inor" ez dela erantzun dio Mariano Rajoyk Xabier Mikel Errekondori erantzuteko tartean.
"Gizartearen interesen alde Amaiurrek egin dezakeen ekarpenik onena ETAren desegitea eskatzea da. Hori da espainiarrok Amaiurrengandik espero duguna. ETAren desegiteak immobilismoa amaitzea ekarriko luke", nabarmendu du.
Krisia eta ustelkeria
Bestalde, krisi ekonomikoari dagokionez, Errekondok nabarmendu du Espainiako Gobernuak gizarteari "lapurreta" egingo diola eta "tratu txarrak" emango dizkiola, baina ez dituztela herritarrak "engainatuko".
"Esku batean eskubide sozialak murrizteko artaziak dituzte, eta bestean, askatasun demokratikoak murrizteko borra eta mozala", salatu du.
Rajoyk atzo egindako diskurtsoa "edukirik gabekoa" izan zela deitoratu du Errekondok. "Estatu espainiarra egoera oso larrian dago, baina errua ez da herritarrena, errua Gobernuarena da; Rajoyren harrokeriak gaixotasuna epidemia bilakatzea ekarri du eta epidemia horri 'defizit demokratikoa' esaten zaio", azaldu du.
"Alde batetik, ongizatearen Estatua desegin du eta milaka eta milaka familia pobreziara eraman ditu; eta kalean herritarrak kriminalizatzen ditu, protestak debekatuta, euren Konstituzioak dioena ere urratuta, Botere Judizialaren azken txostenak dioenez", gogoratu du Errekondok.
Horrez gain, Amaiurren bozeramaileak azpimarratu du "ustelkeria zabalduta dagoen epidemia" dela.
"UPNren Nafarroako Gobernua, Yolanda Barcina eta Lourdes Goicoechea buru direla, balizko ustelkeria kasu baten susmopean daude, eta bitartean Rajoyk Nafarroaren etorkizuna Madriletik erabakitzen jarraitzen du", kritikatu du.
Gobernuaren erreformak
Joan den astean Ceutan hil ziren etorkinen inguruan ezer esateko asmorik ere ez ote duen argitzeko eskatu dio Errekondok Rajoyri. "Zure Estatua, salbuespen Estatua da, eskubiderik eta askatasunik ez dagoen Estatua", erantsi du.
Amaitzeko, LOMCE legea, udalen erreforma, aborturen legearen erreforma eta Garoñako zentral nuklearra bezalako gaiak jorratu ditu. Euskal gizarteak eta euskal erakundeek egitasmo horiei emandako "ezetza" kontuan hartze exijitu dio Errekondok Rajoyri.