Bakea Euskal Herrian
Currinen taldeko kide batek dio egiaztatzaileekin nahastu dituztela
Erredakzioa
Pierre Hazan suitzarra izan da Baionako polizia-etxetik irteten lehena, ia bi orduko galdeketaren ondoren. Egoera ''zentzurik gabekoa'' dela dio.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Frantziako Poliziak deklaratzera deitu ditu Brian Currinek gidatzen duen Nazioarteko Harreman Taldeko hainbat kide, tartean Currin bera ere. Terrorismoaren aurkako Pariseko epaitegi batek egin du galdeketa bideratzeko eskaera, eta Baionako polizia-etxean izan da deklarazioa.
Pierre Hazan irakasle suitzarra izan da bertatik irteten lehena, ia bi orduko galdeketaren ondoren. Irtetean Hazanek esan du egoera ''erabat zentzurik gabekoa'' dela eta Nazioarteko Egiaztatzaileen Taldearekin nahastu dituzte uste duela, egin dizkioten galderak kontuan izanda.
Arratsaldeko bostetan zuten hitzordua Baionan Brian Currinek, Sylvia Casalek, Pierre Hazanek, Raymond Kendallek eta Alberto Spektorowskik. Nazioarteko Harreman Taldeko kideek ez zekiten zertaz galdetu behar zieten, Lokarrik argitu duenez.
Hazan irakasleak baieztatu egin du Laurence Levert terrorismoaren kontrako epaileak igorritako erregu-gutun batek eragin duela deialdia.
Bestalde, Alberto Spektorowski Tel Aviveko (Israel) Unibertsitateko irakasleak esan du deklaratu behar izateak ez diela bakearekiko konpromisoa kentzen. Radio Euskadiko ''Ganbara'' saioko elkarrizketan Currinen taldeko kideak adierazi du ez duela ulertu zertara zetozen han egin dizkieten galderak, eta aitortu egin du lehen aldia dela holakorik gertatzen zaienik. Spektorowskiren ustez, gerta daiteke Espainiako eta Frantziako gobernuek ''apur bat kontuak egin nahi izatea; baina horrek ez digu bakearekiko konpromisoa kentzen. Erabatekoa da konpromiso hori'', gaineratu du.
Euskal Herrira bisita
Bost kide hauek ostegunean iritsi ziren Euskal Herrira bake prozesuari bultzada berria emateko asmoarekin. Nuala O' Loan ezin izan da gerturatu eta ez dute deklaratzera deitu.
Gaur bertan, Nazioarteko Harreman Taldeak Baionara joateko asmoa zuen elkarte ezberdinekin bake prozesuaren egoera aztertu eta prozesu honi indarra emateko bideak aurkitzeko.
Larunbatean, Bake Bideak eta Lokarrik antolatutako foroan parte hartuko dute. Nazioarteko aditu ezberdinak gerturatuko dira foro honetara. Guztien artean elkar bizitza eta bake prozesua aurrera eramateko eztabaida taldearentzat gomendioak adostuko dituzte. Foro honen beste helburu bat "bake prozesuan herritarren parte hartzea bultzatzea" izango da.
Nazioarteko Harreman Taldea
Nazioarteko Harreman Taldea 2010. urtean sortu zen eta Euskal Herriko bake prozesua "azkartu, erraztu eta gauzatzeko" helburua du. Horretarako gatazka eta bake prozesuetan adituak diren nazioarteko kideak bildu zituzten.
Hegoafrikako Currin abokatuarekin batera Nuala O´Loan ipar-irlandarra, 1985 eta 2000. urteen artean Interpoleko idazkari nagusia izan zen Raymond Kendall, Giza Eskubideetan aditua den Pierre Hazan irakasle suitzarra; Sylvia Casale kriminologo ingelesa, eta 2000. urtean Israelen eta Palestinaren arteko bake negoziazioetan parte hartu zuen Shiomo Ben-Ami dira taldea osatzen duten kideak.
Sortu zenetik hainbatetan bidaiatu du Euskal Herrira eta alderdi politiko eta kolektibo ezberdinekin elkarrizketatu da.