Itxi

Desarmea

ETA: 'Armak zigilatzeko prozesua hasi eta azkeneraino helduko da'

Erredakzioa

Arma guztiak zigilatu asmoz ekin diola egiaztatzaileekin hasitako prozesuari esan du erakunde armatuak, naiz.info -ra igorritako agiri batean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Otsailaren 24an idatzitako ohar batean ETAk esan duenez, "armak zigilatzeko prozesua hasi da dagoeneko eta ETAren konpromisoa azkeneraino heltzea da, azken armategiraino".

ETAk naiz.info-ra igorritako komunikatuaren arabera, ETAk esan du prozesuak zailtasunak dituela eta oztopoz beterik dagoela; hori dela eta, ez dago soilik "ETAren borondatearen eta Egiztatzaileen Nazioarteko Batzordearen (ENB) profesionaltasunaren esku".

Oharrean, ETAk armategiak zigilatzeko eta horien inbentarioa egiteko asmoa berretsi du, eta prozesu hori jarduera armatuaren amaieraren ondorio da, ENBak iragarri zuenez.

Zigiluak jarrita, ETAk bermatu egin nahi du "armak, lehergaiak eta gailuak erabili ezinik" geratzen direla, gatazka politikoaren ondorioak, bere osotasunean," konpontzeko bidean jartzeko. Horrela, herritarrei eta nazioarteari "segurtasuna" helarazi nahi die ETAk.

Gainera, ETAren arabera, egoera berria eta konponbidearen prozesua elikatu nahi du. Bere ustean, emandako pausoak "elkarrizketarako eta akordiorako oinarriak jarriko beharko lituzke, baita bestelako gaietan aurrea egitea ere".

Zehatz-mehatz, oharrean dioenez, ETAk eta ENBk adostutako "misio berriak" bi ardatz nagusi ditu: batetik, batzordeak ETAk egindako zigilatzea egiztatuko du, aurretik zehaztutako prozesu bat jarraituta, eta, bestetik, armen, lehergaien eta gailuen inbentarioa euren esku utziko dute.

Egiztatzaileek Auzitegi Nazionalean deklarazioa egin eta hurrengo egunean idatzitako agirian, ETAk ez du zehazki deklarazio deialdia aipatu, baina esan du erasoek eta oztopoek zigilatze prozesua baldintzatu lezakete. Hori dela eta, "erantzukizunez" jarduteko eskatu die eragile guztiei.

Halaber, ETAk gatazkaren konponbidearekin "erabateko konpromisoa" duela berretsi du.

Albisteak (4)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)