Itxi

Krisia Nafarroan

PSNk uko egin dio Barcinaren akordio-eskaintzari

Erredakzioa

PSNk azpimarratu du ez dela "inoiz gehiago" Yolanda Barcinarekin eseriko, eta honek dimisiorik emango ez duela esan du berriro.

Your browser doesn’t support HTML5 video

PSNk uko egin dio gaur goizean Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak akordiorako egin dion eskaintzari, eta, horrenbestez, hauteskundeak maiatzaren 25era aurreratzeko asmoari eusten dio.

Foru Gobernuak bizi duen krisia gainditzeko eta zentsura-mozioa ekiditeko asmoz, Barcinak akordio batera heltzeko proposamena luzatu dio PSNri.

Barcina TVE Espainiako telebista publikoko lehen kateko 'Los Desayunos' saioan izan da, eta, dimisioa eman ezean PSNk zentsura-mozio bati aurre egin beharko diola iragarri arren, ez duela dimisioa emango esan du berriro, ez duelako "Bilduren bide-orria" bete nahi.

Presidenteak esan du "bostekoa" eman nahi diola PSNri (UPNk eta PSNk elkarrekin gobernatu zuten 2012ko ekainera arte) bi alderdien artean "akordioak lortzeko" eta Nafarroako erakundeak babesteko.

Barcinaren ustez, Ogasunean esku-sartzeak izan ziren aztertzeko Parlamentuan martxan jarri den ikerketa batzordeak agerian utzi du ez dela "ez ustelkeriarik ez legez kontrako ezer" egon. Hortaz, Nafarroako sozialistei esan die "husten ari den burbuila" sortu dutela eta erkidegoaren izen ona zikindu dutela.

"Nafarroako sozialisten idazkari nagusiak (Roberto Jimenez) guztioi eragiten digun krisialdi bat sortu du", esan du Barcinak.

Miguel Sanz Nafarroako presidente izandakoak ere hitz egin du krisi honen inguruan eta Barcinari hauteskundeak deitzeko eta PSNrekin akordio batera heltzeko gomendatu dio, Bildu Foru Gobernura heltzeko aukerak saihesteko.

PSN: "Barcina gezurretan ari da"

Alabaina, Pedro Roscon PSNko parlamentariak atzo Oscar Lopez PSOEko Antolakuntza idazkariak esandakoa errepikatu du gaur, eta Barcinarekin "inoiz gehiago" eseriko ez direla azpimarratu du.

"Ez dakit zer ezta norekin adostuko duen. Agian Bildurekin heldu nahi du akordio batera Gobernuan jarraitzeko", esan du Rasconek.

Barcinak PSNren eta Bilduren artean akordio bat dagoela esan duela eta, Rasconek adierazi du "gezurretan" ari dela. "Barcina gezurtia da eta uste du Nafarroako herritarrak tontoak direla", nabarmendu du.

Ildo horretan, gogora ekarri du Barcinak beti esaten duela Bildurekin inoiz ez dutela ezer adostuko, baina Tafallan UPNk Bildurekin akordioa sinatuta daukala.

"Argi eta garbi gezurretan ari da. Bildurekin inoiz ez dutela hitzarmenik egingo esaten du, baina ez da al daki Tafallako alkateak berak (UPN) publikoki esan zuela Bildurekin akordio batera iritsi zirela? Tafallarentzat ona dena, txarra al da Nafarrorentzat?", erantsi du.

PSN-Aralar bilera

Patxi Zabaleta Aralar-NaBaiko bozeramaileak esan duenez, PSNk zentsura-mozioa aurkezteko asmoari eusten dio eta, bide horretan, "PSOEren zuzendaritzarekin lanean ari da".

Patxi Zabaleta eta Xabi Lasa Aralarreko parlamentaria Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiarekin eta Samuel Caro eta Pedro Rascon parlamentari sozialistekin bildu dira, PSN egiten ari den bilera-sortaren baitan.

"Gobernu aldaketa zentsura-mozioaren bitartez lortzeko erabakia PSNren Lurralde Batzordearen gehiengo zabalak babestuko duela espero dutela eta PSOErekin ildo horretan lanean ari direla esan digute", azaldu du Zabaletak bilera amaitu ostean.

"Zentsura-mozioak aurrera egin dezan PSN eta PSOE adostasun batera iritsi behar da eta, ondorioz, aierupenak egitea alperrik da; baina bihar egingo duten Lurralde Batzordean zentsura-mozioaren bidea onartuko dutela espero dute", azaldu du.

Horrez gain, PSOEk jarri dezakeen balizko betoaz hitz egin e dutela esan du Zabaletak. "PSNk bere jarreraz hitz egin digu", zehaztu du.

Bilera-sorta

Bilera horren ostean, Nafarroako Alderdi Popularrarekin zeukan hitzordua PSNk, baina popularrek batzarrera joango ez zirela jakinarazi dute gaur goizean.

Beraz, PSNk amaitutzat eman du Nafarroako Parlamentuko taldeekin egindako bilera-sorta. Rasconek esan duenez, "balantzea positiboa da, batzen gaituzten zenbait puntu badaudelako eta gai nagusia argi dagoelako".

Azken bi egunetan Geroa Bai, Izquierda-Ezkerra eta Aralar-NaBairekin batzartu da PSN. Bildurekin elkartzea baztertu egin zuen.

Albisteak (5)

Bideoak (1)