M-11ko atentatuek 10 urte
Kronologia: M-11ko atentatuak
David Perez | eitb.com
191 pertsona hil ziren eta 1.858 zauritu 2004. urteko martxoaren 11n Madrilen jazotako atentatuetan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Martxoak 11
07:37. Bonba bat lehertu zen Atocha geltokian (Madril) geldirik zegoen tren batean.
07:38. Beste bi eztanda jazo ziren tren berdinean, bi El Pozo geltokian zegoen tren batean, eta bat Santa Eugenian.
07:39. Beste lau bonbak egin zuten eztanda, Atochatik 500 metrora zegoen tren batean.
09:30. Juan Jose Ibarretxe lehendakariak agerraldia egin zuen, atentatuak gaitzesteko. "Basakeria hauek egin dituztenak ez dira euskal herritarrak; piztiak, hiltzaileak, dira. ETA bere amaiera idazten ari da, sinesgaitza baita XXI. mendean barrena norbaitek tiroak ematen, hilketak egiten eta estortsio egiten ezer defenda daitekeela pentsatzea", esan zuen, sarraskiaren egilea ETA zelakoan.
09:45. Furgoneta susmagarri bat atzeman zuten Alcala de Henares herrian. Horretan, zazpi detonagailu eta Korana-ren berset batzuk jasotzen zituen zinta bat topatu zituzten, handik eta ordu batzuetara.
10:30. Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramaileak baztertu egin zuen atentatuen egilea ETA izatea: "Ezker abertzaleak ez du ezta hipotesi gisa ere jotzen ETA gaur Madrilen gertatutakoaren erantzulea izatea". "Baliteke erresistentzia arabiarraren sektore baten operazioa izatea", gaineratu zuen.
13:15. Angel Acebes Espainiako Gobernuko Barne ministroak agerraldia egin zuen: "ETAk lortu egin du bere helburua".
14:00. Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidenteak prentsaurrekoa eskaini zuen. Ez zuen ETA zuzenean aipatu, baina norabide horretan mintzatu zen, "hiltzaile hauekin ez dago zer negoziatu" adierazi zuelako.
15:30. Alcalan atzemandako furgoneta polizia-etxera heldu zen. Orduan ikusi zituzten detonagailuak eta zinta.
17:25. Atzerri Ministerioak ohar bat igorri zien bere enbaxadore guztiei, eta, horretan, atentatuen egilea ETA dela behin eta berriro esateko agindu zien, "zalantza interesatuak argitzeko".
18:00. NBEko Segurtasun Kontseiluak gaitzetsi egin zuen sarraskia, eta ETAri leporatu zion, Espainiako Gobernuaren presioen ondorioz.
20:00. Vallecasko polizia-etxeak 12 kilo lehergai zituen kirol poltsa bat atzeman zuen, atentatuetan erabilitakoen antzekoa.
20:00. Acebesek Alcalan atzemandako furgonetaren berri eman zuen, eta, lehen aldiz, "ikerketak bi norabide" dituela aitortu zuen. Dena dela, oraindik ere hipotesi nagusia ETArena zela jakinarazi zuen.
21:00. Al Kaidaren lotura duen talde batek (Abu Hafs Al Masri Brigadak) bere gain hartu zituen atentatuak, Al Quds Al Arabi egunkari arabiarrera igorritako mezu batean.
Martxoak 12
18:00. Barne ministroak eutsi egin zion ETAren hipotesiari: "Ez dago inolako arrazoirik egilea ETA dela hipotesi nagusi gisa baztertzeko".
18:30. ETAk ukatu egin zuen atentatuetan parte hartu izana: "ETA erakundeak ez du inolako erantzukizunik atzoko atentatuetan".
19:00. Espainia osoan manifestazio jendetsuak egin zituzten, terrorismoaren aurka.
Martxoak 13 (hauteskunde orokorretako hausnarketa eguna)
10:30. Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, "froga guztiek terrorismo islamiarrari seinalatzen diote". "Esaguzue egia!", zuzendu zion Espainiako Gobernuari.
14:00. Espainiako Poliziako agente batek Angel Berroeta okina hil zuen Iruñean, tiroz, okindegian ETAren aurkako kartel bat jartzeari uko egin eta gero.
16:00. Bost pertsona (hiru marokoar eta bi indiar) atxilotu zituzten, atentatuen egileei laguntzea egotzita.
19:00. Milaka pertsona PPren egoitza nagusira joan ziren, "egia" eske.
21:30. Alfredo Perez Rubalcabak "espainiarrek gezurra esaten ez dien Gobernu bat merezi dute" adierazi zuen.
Martxoak 14 (hauteskunde orokorrak)
00:45. Al Kaidako bozeramaile batek bere gain hartu zituen atentatuak, bideo batean. Acebesek eman zuen horren berri.
09:00. Ireki egin zituzten hauteskunde kolegioak.
22:30. PSOEk irabazi zituen hauteskundeak, ezustean. Hain zuzen ere, 164 eserleku lortu zituen, eta PPk, 148. Hori horrela, Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialista egin zen gobernuburu.
Apirilak 3
21:00. Atentatuen egileetako zazpik bere buruaz beste egin zuten Leganeseko etxebizitza batean, lehergailu bat zartaraziz, Poliziak inguratuta zituela ikusita. Eztandan Javier Torronteras polizia ere hil zen.