Inaugurazioa Donostian
Fernandez:'ETA desegiten den arte, ez dugu polizia kopurua murriztuko'
Erredakzioa
Espainiako Gobernuaren Barne ministroak Donostiako polizia-etxe berria inauguratu du gaur.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gaixorik eta 70 urtetik gora dauden ETAko presoek Euskal Herrira hurbiltzeko egin dituzten eskariei “iruzur usaia” hartzen diela esan du gaur Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Ez du uste eskari horiek "zintzoak" direnik eta, horrela baldin bada, Gobernuak atzera botako dituela iragarri du.
Donostiako Polizia etxearen inaugurazioak esan ditu hitz horiek. Ekitaldira Ignacio Cosido Espainiako Poliziaren zuzendari nagusia, Carlos Urquijo Gobernuko ordezkaria, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina edota PP eta PSE-EEko ordezkariak ere joan dira.
Presoen eskaerengatik galdetuta, “lege iruzurra” izan litezkeela adierazi du ministroak eta, “horrela bada,” espetxe administrazioak ez dituela eskaera horiek onartuko zehaztu du. “Ona litzateke legeak aurreikusten dituen onurak jaso nahi izatea, Konstituzioaren helburu nagusienetako bat gizarteratzearena baita”, esan du.
Hala ere, Espainiako zuzenbidearen baitan, zigorrak “indibidualak” direla gogoratu du Fernandez Diazek eta, hortaz, “gizarteratzeak ere indibidualki egin behar dira" eta horretarako “banan-banakako eskaerak egin behar dituzte”. “Hori bai, eskaera horiek zintzoak izan behar dira”.
Segurtasun indarrak
Euskal Herrian dauden Estatuko Segurtasun Indarren egoerari buruz, Gobernuak ez du “inolaz ere” polizia kopurua murriztea aurreikusi. “Poliziari eta Guardia Zibilari esker ETA menderatu dugu”, eta ETAk bere desegitea iragartzen duan arte, “polizia kopurua mantenduko dugu”.
Hori da gaur arratsaldean Espainiako Barne ministroak Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari emango dion erantzuna.
Ministroak "terrore, laztura eta odolez betetako" Espainiako historiaren liburuko orria "behin betiko" pasa nahi du, etorkizuna "bakean eta askatasunean" begiztatu ahal izateko.
ETAren garaipena "poliziak" lortu duela azpimarratu du gaur Donostian Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, eta, horrenbestez, ez duela "garaipen politiko" bihurtzea onartuko esan du.
Ekitaldian adierazi duenez, "jakina da Espainiako Gobernuak ez duela ETA erakunde terroristarekin inoiz negoziatu, eta etorkizunean ere ez dugu negoziatuko. Gaur egun, ETA bere presoak eta ezer gutxi gehiago da”.
"Ez daukagu negoziatzeko beharrik, eta are gutxiago behin menderatu ditugunean", esan du Fernandez Diezek. ETAri euskal gizarteak eta Estatuak eskatzen dioten bakarra "behin betiko desegitea" dela berretsi du.
Horren esanetan, herritarrek ez dute "ETAren aurka" bizi nahi, "ETA gabe" baizik.