Barcenas auzia
Ruzek Barcenasen kontu gehiago aurkitu ditu eta askatasuna ukatu dio
Barcenasek ihes egiteko arriskua, frogak hondatzeko eta delitua berriz egiteko arriskua duela uste du epaileak. Estatu Batuetan kontu korronte gehiago dituela jakin ostean hartu du erabakia.
Pablo Ruz epaileak hirugarren aldiz ukatu dio askatasuna Luis Barcenasi. Ekainaren 27tik dago espetxean. Alderdi Popularreko diruzain ohiak Estatu Batuetan bi kontu gehiago dituela jakin du epaileak eta "ikerketa aurrera doan heinean, gero eta aztarna gehiago daude inputatuari dagokionean".
Ruzek ezetz esan dio martxoaren 10ean Barcenasek aske uzteko egin zion eskariari. Diruzain ohiak eskuz idatzi zion epaileari, Javier Gómez de Liaño bere abokatuaren idatzi batekin.
Barcenasek ihes egiteko arriskua, frogak hondatzeko eta delitua berriz egiteko arriskua duela uste du epaileak. Estatu Batuetan kontu berri bat duela jakin ostean hartu du erabakia. Ruz epailearen ustez, "azpiegitura patrimonial handia" duela frogatzen du horrek eta "orain arte jakin ditugun elementuz gain, antzemateko oso zailak diren, eta kontrol judizialetik ihes egiten duten, hainbat hondasun ditu".
Estatu Batuek igorritako dokumentazioan "argi gelditzen da Barcenas jaunarekin eta familiarekin lotura duten hondasunak daudela, orain arte ezezagunak", azaldu du autoan.
Horrela, epaileak azaldu du kontu korronte bat dagoela New Yorkeko Chase Manhattan Banken, 2012ko azaroaren 10ean irekia. 5.000 euro sartu zituen, eskudirutako sarrera batean. Jabeak Barcenas bera eta bere emaztea dira, Rosalia Iglesias.
Kontu horretan dirua jaso zuen La Moraleja elkartetik (Angel Sanchis PPko diruzain ohiaren enpresa), 2012ko urritik 2013ko irailera bitartean, ustez Barcenasen semearen ikasketak ordaintzeko: 19.120 euro guztira.
Estatu Batuek igorritako dokumentazio berri horretan bi kontu berri deskubritu dituzte, Barcenas eta familiarekin zerikusia dutelakoan. Barcenasen semearen ikasketak ordaintzeko dirua jasoko lukete bertan.
Epaileak uste du transferentzia horiek, beste bi kontu horiekin batera, "dirua garbitzeko operazioan pausu bat gehiago" direla. Sanchis jaunari eta Barcenas bikoteari horren akusazioa luzatu diete. Guztira, 48,2 milioi bildu zituzten Suitzan.