Itxi

Bake prozesua

Biurrunek ez du bake prozesua bultzatzeko batzordean parte hartuko

Erredakzioa

Epaileak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak hartutako erabakia errespetatuko du, ados egon ez arren. Orain, helegitea jarri ala ez erabakiko du.

Garbiñe Biurrun epailearen artxiboko irudia. Argazkia: EiTB

Garbiñe Biurrun Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salako presidenteak ez du Foro Sozialak Bake Prozesua Bultzatzeko sortutako Batzordean parte hartuko.

Epaileak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak martxoa hasieran hartutako erabakia errespetatuko du, ados egon ez arren. Biurrunen kargua eta Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordeko kide izatea ez direla bateragarriak erabaki zuen Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Biurrunen iritziz, epaileen gobernu erakundeak "modu ezberdinean interpretatzen ditu arauak".

Biurrunek agiri bat argitaratu du ostegun honetan Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erabakiaren aurrean, bere hautua publiko egiteko; izan ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak zortzi eguneko epean egun duen karguaren eta Foro Sozialak sustatutako Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordeko kidea izatearen artean hautatzeko eskatu zion Biurruni.

Epaileen gobernu erakundearen ustez, magistratuak eskatutako jardueraren bateragarritasunak epaileei debekatuta dagoen aholkularitza juridikoa dakar. Halaber, "beste botere judizialak zentsuratu edo zoriontzea eragin dezake, Botere Judizialeko kideen beharrezko independentzia baldintzatuz".

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erabakia onartzen eta errespetatzen duela nabarmendu, erabakiarekin ados ez badago ere. "Gertaeren balorazioa eta arauen interpretazioa egokia ez den modu batean egiten duela irizten diot", gaineratu du.

Ondorioz, uko egingo dio Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordean parte hartzeari.

Epailearen iritziz, erabakiaren atzean "aurreiritziak" daude. Orain, helegitea jarri ala ez erabakiko du.

Dena den, hiritar gisa bada ere, bakearen alde lan egiten jarraituko duela berretsi du: "Aukera dudan heinean Euskal Herrian elkarbizitza lortzeko lan egingo dut hiritar bezala, beti ere, funtzio judiziala eta erregimen juridikoa errespetatuta".

Albisteak (2)

Informazio gehiago (1)