Itxi

Lantaldea

Autogobernuaren inguruko akordioa apurtzea egotzi dio EH Bilduk EAJri

Erredakzioa

Erabakitzeko eskubidearen alde EH Bildurekin aurrera egitea edota PSE-EErekin Gernikako Estatutuari "adabakiak ipintzearen artean" aukeratzeko eskatu dio gaur Hasier Arraizek EAJri.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Erabakitzeko eskubidearen alde EH Bildurekin aurrera egitea edota PSE-EErekin batera Gernikako Estatutuari "adabakiak ipintzearen artean" aukeratzeko eskatu dio gaur Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak EAJri.

Sortuko presidenteak agerraldia egin du Legebiltzarrean Laura Mintegi eta Peio Urizarrekin batera, autogobernua berritzeko hilaren 27an eratuko duten lantaldearen inguruan hitz egiteko.

Arraizen hitzetan, EH Bilduk Euskal Herriaren "erabakitzeko eskubidea" ardatz izango lukeen aldaketa "juridiko eta politikoaren" aldeko apustua egingo du aipatu lantaldean. Horren alde ez egiteak egungo Estatutuari "adabakiak jartzea" litzateke, EH Bilduren ustez.

Arlo horretan, EAJri bere jarrera argitzeko eskatu dio Arraizek. Autogobernuari buruz EH Bildurekin aurretik adostutako hitzarmena "apurtzea" egotzi die jeltzaleei, PSE-EErekin bat egiteko.

Hitzarmen horren arabera, muga bakarra "euskal herritarren borondate politikoa" izan behar dela adostu zuten EAJk eta EH Bilduk. Baina, Arraizen ustez, EAJren zuzendaritzak aginduta, alderdiak "atzerapausoa" eman eta PSE-EErekin beste hitzarmen bat sinatzea erabaki zuen.

Sozialistekin egindako hitzarmen horretan, jeltzaleek eta sozialistek ez zuten erabakitzeko eskubidearen inguruko aipamenik egin eta Estatutua "berritzeaz" aritu ziren, Arraizek kritikatu duenez.

Egibarren erantzuna

Joseba Egibar EAJko bozeramaileak dagoeneko erantzun dio Arraizi. Ezker abertzalea "oraintxe bertan" hasi da erabakitzeko eskubidea defendatzen, Egibarren hitzetan, aurretik ETAren "estrategia politiko eta militarrak" baldintzatu egin duelako.

Orain bi legealdi, Legebiltzarrak estatus politiko berriaren proposamena onartu zuela gogoratu du Egibarrek, eta, orduan, ezker abertzaleak "aldeko hiru boto eta kontrako beste hiru" eman zizkion proposamenari: "Emaitza, zero".

"ETAk argia amatatu bezain laster, ezker abertzalea ilunpean geratu da", gaineratu du Egibarrek.

Albisteak (3)

Bideoak (1)