Erreakzioak
EAJk eta gainerako alderdiek 'deitoratu' egin dute Azkunaren heriotza
Erredakzioa
Senitartekoei "elkartasuna" adierazi die EH Bilduk. PSE-EEk atsekabea azaldu du "uste sendoko gizon bat hil delako". PP "oso triste" azaldu da albistearen berri izan eta gero.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EAJ
Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen heriotza "deitoratu" du EAJk, "politikari bakarra eta errepikaezina" izan delako. "Erakunde demokratikoetan eta Bizkaiko hiriburuko alkatetzan garai bat markatu du", erantsi dute jeltzaleek.
Andoni Ortuzar EAJko presidentearen hitzetan, Azkuna "zerbitzari publikoaren eredua izan da". "Bere bizitzako alderdian jarraituko dugunok utzi digun ondarea ondratu eta bultzatu behar dugu orain", gaineratu du.
EH Bildu
Alkatearen senitartekoei, adiskideei eta alderdiari "elkartasuna" adierazi die EH Bilduk.
Koalizio abertzaleak bihar egitekoa zuen prentsaurrekoa atzeratu egin du, agiri labur batean jakitera eman duenez.
PSE-EE
PSE-EEk atsekabea azaldu du "uste sendoko gizon bat hil delako". "Demokraziaren eta askatasun ideologikoaren defentsa beti aurretik jarri ditu", azaldu dute sozialistek.
Bi agiritan, elkartasuna adierazi diete Euskadiko eta Bilboko Udaleko sozialistek Azkunaren senitartekoei eta EAJri.
PP
Alkatearen heriotzaren berri izan eta gero, "oso triste" agertu da Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidentea. "Adibide garrantzitsua utzi digun pertsona izan da: interes alderdikoien gainetik beti Bilbo jarri du, baita bere alderdiaren gainetik ere".
PP hiletan izango dela aurreratu du Quirogak, eta "une gogor" hauetan "hurbiltasuna" adierazi die alkatearen senitartekoei eta EAJri.
UPyD
Azkunaren "giza maila" goraipatu du UPyDk. "Gizon irekia eta tolerantea, pertsona ona eta egundoko alkatea, Bilboren eraldaketa ahalbidetu duelako", adierazi du.
Familiari, EAJri, Bilboko bizilagunei eta adiskideei elkartasuna adierazi die UPyDk agiri batean.