Iñaki Azkuna hil da
EAJk 13:00etan iragarriko du nork ordezkatuko duen Azkuna
Erredakzioa
Bilboko Udalak osoko bilkura egingo du eguerdian, alkatearen heriotza dela eta.
EAJk 13:00etan iragarriko du nork ordezkatuko duen Iñaki Azkuna zena Bilboko Alkatetzan, alderdi jeltzaletik aurreratu dutenez. Kinieletan, Ibone Bengoetxea eta Ibon Areso alkateordeak dira faborito.
Iragarpena Andoni Ortuzar EAJko presidenteak eta Itxaso Atutxa alderdiak Bizkaian duen buruak egingo dute, Sabin Etxean.
Ordubete lehenago, eguerdian, Bilboko Udalak osoko bilkura egingo du, alkatearen heriotzaren harira.
Urtebete barru udal hauteskundeak egitekoak dira, eta, beraz, ikusteko dago alkate berria 2015ean ere hautagai izango ote den.
Bilboko Udaleko osoko bilkura ekitaldi instituzional bakarra izango da astelehenean elizkizun publikoa egin arte; izan ere, Azkunak berak hil-kaperarik ez jartzea eskatu zuen.
Hileta pribatua izango da, eta senideak eta gertukoenak baino ez dira izango bertan. Astelehenean, baina, elizkizun publikoa egingo dute Santiago katedralean, 12:00etan, Azkunaren omenez.
Bilboko bandera haga erdian jarri dute Udaletxean.