Itxi

Iñaki Azkuna hil da

Profila: Ibon Areso, Iñaki Azkunaren ordezko naturala

David Perez | eitb.com

Bilboko alkate berria Iñaki Azkunaren konfiantzako pertsona eta zinegotzi beteranoena da.

Ibon Areso Bilboko alkate berria. EiTB

Bilboko alkate berria, Ibon Areso Mendiguren, Iñaki Azkuna zenaren konfiantzazko pertsona da, eta 20 urte baino gehiago eman ditu zinegotzi karguetan.

"Konfiantza osoa dut Aresorengan", esan zuen Azkunak, 2009. urtean.

Azken urteetan, Ibon Areso jarduneko alkate lanetan aritu izan da, Iñaki Azkuna lan egin ezinik izan denean. Martxo hasieran, adibidez, ongietorri hitzaldia eskaini behar izan zuen Bilboko goi-bilera ekonomikoan, hau da, Bizkaiko hiriburuak azken hamarkadetan hartu duen nazioarteko hitzordu garrantzitsuenetakoan.

Lanbidez arkitektoa da, eta Bilboko eraldaketaren sustatzaile nagusietakoa izan da. Izan ere, Bilboko Hirigintza Plana garatzeko bulegoaren zuzendaria izan da, eta Bilbao Ria 2000 erakundeko kidea. Zorrotzaurre zaharberritzeko proiektuan ere parte hartu du.

Aresok kutsu teknikoa du, ez politikoa, eta orain arte lehen alkateorde eta Hirigintza zinegotzi izan da. Kargu horretan eskuartean izan duen azken proiektuetako bat Zorrotza zaharberritzeko plana da.

Alkate berria 1991. urtean sartu zen Bilboko Udalean, Josu Ortuondo alkate zela, eta harrezkero bertan jarraitu du.

Orain, erronka erraldoia du: "munduko alkate onena"ren kudeaketari jarraipena ematea.

Albisteak (2)

Informazio gehiago (1)