Itxi

Galdeketa Katalunian

Mas: 'Kongresuaren ezetzak ez du kataluniarren borondatea geldituko'

Erredakzioa

'Katalunian gertatzen ari dena ez da gutxi batzuen gutizia, askoren nahia baizik', Generalitateko presidentearen arabera.

Artur Mas Generalitateko presidentea. Argazkia: EiTB

Espainiako Diputatuen Kongresuak asteartean aztertuko du Kataluniako Parlamentuak galdeketa egiteko eskumena izateko egin duen eskaria. Kongresuak eskariari "ziurrenera" ezetz esango diola jakinda, Artur Masek adierazi du beharbada lege bati ezetz esan dakiokeela, "baina ezin da Kataluniako herriaren borondatea gelditu", gaineratu du.

Artur Masek igande honetan Generalitatearen jauregiko Sant Jordi aretoan egin den ekitaldi batean zabaldu du mezu hori.

Masen iritziz, Kataluniako herria "modu zibilizatuan, eraikitzailean eta elkarrizketa bultzatuz" mintzatuko da beti, "baina bere nahien defentsan, kalean eta toki guztietan mobilizatuko da".

"Katalunian gertatzen ari dena ez da gutxi batzuen gutizia, askoren nahia baizik. Ez da buruzagi txoriburu gutxi batzuen borondatea", nabarmendu du. Halaber, asteartean Kongresuko eztabaidara ez dela joango iragarri du.

"Ziurrenera ezetz esango digute. Ezetz esaten badigute lege bati emango diote ezetza, baina ezezko horrek ez du Kataluniako herriaren borondatea geldiaraziko", adierazi du. Masen esanetan, Kataluniako prozesu subiranoa "ez da Madrilen amaitzen, beste bide batzuk badaude eta". "Eskumenen transferentzia aukera bat baino ez da", gaineratu du.

Kataluniako ordezkaritza ulermenerako eta adostasunak lortzeko borondatearekin joango da Diputatuen Kongresura, Masen arabera. "Giro ona izatea eta Kataluniak azalpenak emateko aukera izatea espero dut", gaineratu du.

Mas: "Ibarretxeren irudia errepikatzeko nahi dute ni Madrila joatea"

Artur Mas astearteko Diputatuen Kongresuko osoko bilkurara joatea eskatzen dutenek "Ibarretxeren irudia" errepikatzea nahi dute, Masen arabera.

"Kataluniako presidentea hara joan eta handik lur jota ateratzea garaipen handia litzateke beraientzat eta nik uste dut ez diedala irudi hori eman behar", gaineratu du La Xarxa de Comunicacio Locali eskainitako elkarrizketan.

Albisteak (3)