Ekitaldia Tuteran
Aralar: 'Benetako bake plan batek ez du garailerik edo garaiturik'
Erredakzioa
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak esan duenez,"Eusko Jaurlaritzaren bake planak ez ditu baldintzak behar bezala betetzen".
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak defendatu duenez, "benetako bake plan batek kartzela politikari, onarpenari eta indarkeria guztien biktimei erantzun zehatzak eman behar dizkie, eta ez du garailerik eta garaiturik izan behar".
Tuteran eztabaidarako egin duten ekitaldi batean egin ditu Zabaletak adierazpen horiek. Bertan izan dira Juan Carlos Longas, Aralar-Nabaiko parlamentaria, eta Xabi Lasa, Aralarren Nafarroako koordinatzailea.
Zabaletaren aburuz, "Eusko Jaurlaritzaren Bake Planak ez ditu baldintzak behar bezala betetzen", baina gaineratu duenez, "okerragoa da Nafarroako Gobernuaren egoera; izan ere, bake planik izan ez, eta gainera eskuin muturreko mezua du ".
Aralarreko koordinatzaileak esan duenez, Espainiak eta Frantziak "bake prozesua ito nahi dute, Euskal Herrian arazo politiko bat, demokrazia defizita dagoela ukatu nahi dutelako". Hori da, bere ustez, "preso politikoak daudela ukatzeko arrazoietako bat”, baina beste alde batetik, “legez kanpoko zigor zehatzak ezartzean kontraesana dago", gaineratu du.
Foru Gobernuak iragarritako erreforma fiskalari buruz, Longasek zalantzan jarri du "sistemaren helburu bakarra hazkunde ekonomikoa izatea", eta UPNren Gobernuak "ideiak argi ez izatea eta Madrilek erabakitzen duena Nafarroan ezarri besterik ez egitea " kritikatu du. "Benetako politika fiskala egiteari uko egin diote, beste behin", deitoratu du.
Nafarroaren eta Estatuaren arteko Ekonomia Hitzarmenaren negoziazioari buruz ere hitz egin du Longasek. "UPNren Gobernua egiteko gai ez den berrikuntza sakon bat" behar dela esan du parlamentariak, eta egin ezean, "ondorioak, oso latzak izan litezkeela".