Itxi

Aberri Eguna

Urkullu: 'Espainia bat eta bakarra ez dela onartu behar dute Madrilen'

Erredakzioa

Lehendakariak "euskal naziotasuna" onartzeko eskatu du, eta horretarako, elkarrizketa, negoziazioa, akordioa eta berrespena ekarriko dituen formula demokratikoa bultzatzeko deia egin du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakariak esan du "Espainia bat eta bakarra, handia eta askea zeneko garaia iragana" dela, eta "euskal naziotasuna" onartzeko eskatu du. Hori dela eta, "elkarrizketa, negoziazio, akordioa eta berrespena ekarriko dituen formula demokratikoa" bultzatzeko deia egin du"; izan ere, hori da Euskadi, Katalunia, Eskozia eta Flandriaren "aukera" Europan.

2014ko Aberri Egunaren ospakizunetan, EAJk Bilboko Plaza Barrian egindako ekitaldi politikoan hitz egin du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta esan du, Madrilen “bi aukera” dituztela. Batetik, "ezetz esatea", eta bere ustez "hori ez da konponbidea, arazoa luzatzea, atzeratzea eta handiagotzea baizik". Eta bestetik,  "entzutea, begiak zabaldu eta errealitateari begiratzea, eta Espainia bat eta bakarra ez dela onartzea".

Euskal herritarrak “estatuak sortu baino lehenagokoak” direla esan du lehendakariak, eta gaineratu du Euskadik Europa gehiago behar duela “orainerako eta etorkizunerako, Euskal Herrian adostu eta erabakiko den etorkizunerako”. "Euskadi, Europako Nazio. Hori da gure historiaren une erabakigarri honetan nahi duguna", azpimarratu du.

Ildo horretatik, Gernikako Estatutua Euskal Autonomia Erkidegoan onartu zela gogorarazi du. Ordutik euskal herritarrek "hamaika modutan eskatu dute Estatutua betetzea, eta Madrilen ezetz esaten dute", gehitu du.

"Hemen Estatus Politiko Berria erabaki genuen. Madrilera eraman eta ezetz esan ziguten. Konstituzioaren erreforma proposatu genuen, Estatuko naziotasun ezberdinak onartzeko. Madrilera eraman eta ezetz esan ziguten", esan du.

Urkulluren hitzetan, argi dago Espainian arazo bat dutela, eta ezetz bakarrik esaten dakitela. "Ez gara geldituko, ez dugu etsiko. Hori pentsatzen duenak ez du herri hau ezagutzen", ohartarazi du.

Lehendakariak baieztatu duenez, Legebiltzarraren Autogobernurako lantaldean Estatus Politiko Berri bat lortzeko aukera dago orain, baina horretarako "elkarrizketa eta negoziazioa beharko da, garai berri honen neurrira eginda egongo den adostasun politikoa lortzeko ".

Albisteak (5)

Bideoak (1)