Itxi

Aberri Eguna

Erabakitzeko eskubidearen aldeko manifestazioa egin dute Iruñean

Erredakzioa

Garbiñe Bueno ekitaldia deitu duen Independentistak Sarearen bozeramailea: "Independentzia da euskal gizartearentzako etorkizuneko aukera bakarra".

Argazkia: EiTB.

Milaka lagunek hartu dute parte igande honetan, Aberri Egunaren harira, Iruñean deitu duten manifestazioan, eta erabakitzeko eskubidearen alde azaldu dira bertan. Independentistak Sareak deitu du ekitaldia, eta Sortuk, EAk, Aralarrek, Alternatibak eta Abertzaleen Batasunak (AB, Ipar Euskal Herrikoa) ere bat egin dute manifestazioarekin.

Garbiñe Bueno ekitaldia deitu duen Independentistak Sarearen bozeramaileak manifestazioaren hasieran esan duenez, "independentzia da euskal gizartearentzako etorkizuneko aukera bakarra, Euskal Herriko herritarren nahiei eta beharrei erantzun ahal diena".

Besteak beste, Pello Urizar EAren idazkari nagusiak, Maiorga Ramirez, Bakartxo Ruiz, Bikendi Barea eta Miren Aranoa parlamentari nafarrek, Pernando Barrena ezker abertzalearen bozeramaileak eta Hasier Arraiz Sorturen presidenteak parte hartu dute Iruñeko ekitaldian.

Independentistak Sareak deitutako manifestazioa Sarasate pasealekuan amaitu da, eta sarearen bozeramaile batek eta Kataluniako ANCren eta Eskoziako SNPren ordezkariek hartuko dute gero hitza, ekitaldi politikoan.

Albisteak (2)