Itxi

Parlament

Masek dio Rajoyk entzungor egiten duela kataluniarren nahiaren aurrean

Erredakzioa

Kataluniako presidenteak gogorarazi du kataluniarren % 80 dagoela kontsultaren alde. Bestalde, Espainiako presidentearekin hitz egiteko prest agertu da, baina "aurrebaldintzarik gabe".

Artur Mas Kataluniako presidentea. Argazkia: EiTB

Artur Mas Kataluniako presidentea Mariano Rajoyrekin hitz egiteko prest agertu da, baina "aurrebaldintzarik gabe". Hala ere, Espainiako Gobernuko presidenteak "inoiz ez" diola ezer konpondu salatu du, eta gogor kritikatu du gobernuburuak ez diola kontsultaren alde dauden "Kataluniako herritarren % 80ari entzuten".

Masek erantzun horixe eman dio Alicia Sanchez-Camacho PPren bozeramaileari Parlamentuan, Rajoyk gaur goizean Kataluniako lehentasunezko gaien inguruan Masekin biltzeko proposamena egin ostean.

Kataluniako presidenteak esan du "hitz egiteko prest" dagoela, "beharrezkoa baldin bada eta inork aurrebaldintzarik jartzen ez badu"; izan ere, PPri "baldintzak jartzea" leporatu dio, kontsultaren inguruan negoziatzeari uko egin ziolako.

Josep Antoni Duran Lleida CiUren idazkari nagusiak elkarrizketarako deia egin dio gaur Rajoyri Diputatuen Kongresuan, Kataluniako prozesuaren aurrean "gogor" eta "imajinaziorik gabe" dagoelakoan, eta Rajoyk erantzun dio hitz egiteko prest dagoela, baina Konstituzionalaren eta Kongresuaren erabakien kontra egin gabe.

"Duranen hitzak berresten ditut" adierazi du Masek, Sanchez Camachok kontsultak CiUn barne arazoak eragin dituela esan ondoren.

Albisteak (2)