Itxi

Biografia

Juan Carlos I.a, Espainiako Trantsizioaren erregea

A.A. | I.R.

Franco hil ostean izendatu zuten errege, eta Espainiako demokraziaren lehen estatuburua izan da. Azken urteetan, hala ere, horren ibilbidea ilundu duten hainbat gertakari izan dira.

Juan Borboikoa Bartzelonako kondearen semea eta Alfonso XIII.aren biloba, Juan Carlos 1938ko urtarrilaren 5ean jaio zen, Erroman, Bigarren Errepublikaren garaian erbestean egon baitziren horren gurasoak. Gerra Zibilaren (1936-39) ostean Francok ezarri zuen diktadurak errege familia tronutik eta Espainiatik aldendu zuen.

Juan Carlos Italian, Suitzan eta Portugalen bizi izan zen, eta 1950eko udazkenean itzuli zen Espainiara, Francoren ardurapean prestatzera, diktadoreak eta Bartzelonako kondeak horrela adostuta.

Batxilergoa amaitu ostean, erregeak instrukzio militarra egin zuen, eta, 1960 eta 1961 bitartean, Zuzenbide Politikoa eta Nazioartekoa, Ekonomia eta Ogasun Publikoa ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean.

1956an, Aste Santuko oporraldian, erregearen bizitzako gertakaririk ilunenetako bat gertatu zen. Martxoaren 29an, 18 urte zituela, Alfonso anaia txikiarekin errebolber batez jolasean zebilela, Juan Carlosi tiro batek ihes egin zion, eta anaia hil zuen.

1961eko irailean, ofizialki iragarri zuten Juan Carlos eta Sofia Greziakoa ezkondu egingo zirela. Bikotea 1962ko maiatzaren 14an ezkondu zen, Atenasen, errito ortodoxoa eta katolikoa erabiliz. Senar-emazteek Madrilen bizitzea nahi zuela adierazi zuen Francok, eta, Bartzelonako kondea horren aurka agertu arren, 1963an, Juan Carlos eta Sofia Zarzuela jauregira bizitzera joan ziren.

Hiru seme-alaba izan zituzten: Elena infanta, Lugoko dukesa; Cristina infanta, Palmako dukesa; eta Felipe, oinordekoa.

Ondorengotza

1969ko uztailaren 22an, eta 1974ko Estatu Buruzagitzarako Ondorengotza Legearen arabera, Juan Carlos Francoren oinordeko gisa proposatu zuten, eta Erresumaren Funtsezko Legeak eta Mugimendu Nazionalaren oinarriak gordeko eta gordearaziko zituela agindu zuen. Juan Carlos Espainiako printze izendatu zuten.

Francoren gaixotasunak zirela eta, Juan Carlos I.ak Estatuko buruzagitza bere ardurapean hartu zuen behin-behinekoz 1972an, eta 1974an, bigarrenez.

1975eko urriaren 23an, Francoren osasunak berriz ere okerrera egin ondoren, Juan Carlosek ez zuen diktadorea ordezkatu nahi izan, behin betiko izan ezean.

Juan Borboikoaren eta Francoren arteko harreman txarra dela eta, jauzia izan zen ondorengoen zerrendan. Hala ere, Bartzelonako kondeak historikoki zituen dinastia eskubideei 1977an egin zien uko, erregimen frankista amaitu zela eta semeak erreinatuko zuela baieztatu zuenean.

Franco hil zenean, Juan Carlos I.ak Mugimendu Nazionalaren Oinarriei men egingo ziela agindu zuen, eta, horietan oinarrituta, politika erreformatzeko erreferenduma sustatu zuen. Erregeak boto-emaileen % 94ren babesa lortu zuen, eta, emaitza hari esker, Trantsiziotik demokraziarako jauzia egin zen.

1975eko azaroaren 22an, Juan Carlos I.a errege izendatu zuten, eta bost egun geroago, erregetzara goratu zuten. Francok izendatutako azken presidentea, Arias Navarro, kargutik kendu, eta, haren ordez, Adolfo Suarez (1976) aukeratu zuen. Horrela, Erreforma Politikoaren Legea (1977) aurrera atera zuten, 1936tik lehen hauteskunde demokratikoak egin zituzten eta 1978ko Konstituzioa onartu zuten.

Konstituzioak Koroari parte-hartze politikoa kendu zion, eta Espainian monarkia parlamentarioa ezarri zuen. Erregeari botere sinbolikoa eman zion, ordezkaritza ardurak baino ez, Europa mendebaldeko gainerako errege-erreginei bezala.

Estatu-kolpea

1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpea inflexio-puntua izan zen trantsizio prozesuan.

Otsailaren 24an, goizaldeko ordu bata aldera, guardia zibil talde bat Diputatuen Kongresuan sartu zen, eta, zazpi ordu geroago, erregeak telebistan agerraldia egin zuen, eta Indar Armatuak ohartarazi zituen. Juan Carlosek kolpistei atzera egiteko agindu zien. Alderdi konstituzionalisten ustez, erregeak krisiari amaiera eman zion, baina erregeak berak estatu-kolpean parte-hartze zuzena izan zuela esaten duenik ere bada.

Ordutik, Juan Carlosek Konstituzioak agintzen dizkion lanak bete ditu, eta, hauteskundeak egiten diren bakoitzean, bilerak egiten ditu Parlamentuko talde politikoetako buruekin, Gobernuko presidentea izateko hautagaia izendatzen laguntzeko.

Estatuaren ordezkari legez, halaber, bidaia asko egin ditu atzerrira. Nazioartean (batez ere Hego Amerikan, eta herrialde arabiarretan eta mendebaldekoetan) egindako harremanak, eta Espainia NATOn eta Europar Batasunean sartu izana dira Juan Carlos I.aren agintaldiko gertaerarik esanguratsuenak.

Erregealdiaren itzalak

Erregearen oztopoetako bat osasuna izan da. Juan Carlosek bizitako jazoerarik lotsagarrienetako bat 2012an gertatu zen. Espainia krisialdiaren asterik latzena pasatzen ari zenean, erregea Botswanan antolatutako ehizaldi batera gonbidatu zuten, eta, bertan, aldaka apurtu zuen. Kritika gogorrak jaso zituen. Madrilen larrialdiko ebakuntza egin ostean, barkamena eskatu zuen, erregealdian lehen aldiz.

Hala ere, hura ez zen izan erregeak agintean eman dituen urteotan izan duen ebakuntza bakarra.

2010eko maiatzaren 8an, erregeari birikan zuen tumore onbera bat kendu zioten, eta, Botswanan ezbeharra izan ostean, protesi bat jartzeko beste ebakuntza bat egin zioten. 2013an, kanal lunbarrean estenosi batengatik eraman zuten berriro operazio-gelara.

Erregearen amodio-kontuak ere bere erregealdiko beste itzaletako batzuk dira. 1992an, Juan Carlos Marta Gaya katalanarekin izan zela esanez espekulatu zen. Horrez gain, Barbara Rey aktorearekin ere harremana izan zuela zabaldu zen, eta, azken urteetan, Corinna zu Sayn-Wittgenstein printzesarekin ere izan dela esan dute. Erregearen Etxeak beti gezurtatu ditu horrelako zurrumurruak.

Botswanako ehizaldiaren polemikaren ostean, errege-erreginak bananduta bizi zirela argitaratu zuten hedabideek, baina Errege Etxeak ez zuen baieztatu.

Noos auzia

Juan Carlosen ibilbideko beste gertakari ilunetako bat Noos auzia da. 2013ko urtarrilean, epaileak Iñaki Urdangarin inputatu zuen, eta Errege Etxeak Palmako dukea ekitaldi ofizialetatik kanpo utziko zuela iragarri zuen, "jarrera eredugarria" izan ez zuela iritzita.

Urdangarinek epaileari azaldu zionaren arabera, erregeak negozio horiek uzteko eskatu zion, baina Diego Torresek aurkeztutako eta Palmako dukeak idatzitako hiru mezu elektronikoren arabera, baliteke Juan Carlos suhiaren negozioetan nahasita egotea. Cristina infantaren inputazioak ere kalte egin dio Errege Etxearen irudiari. Inkesten arabera, erregearen onarpen-maila altuak behera egin zuen Botswanako ehizaldiaren eta Noos auziaren ostean.

2013ko apirilean, historian lehen aldiz, herritarren gehiengoak (% 53) gaitzetsi egin zuen erregeak nola betetzen duen bere lana.

Francoren erregimenaren osteko demokrazia garaiko lehen erregea izan da Juan Carlos I.a. Gizon "jatorra" da batzuentzat, baina ezkutatzeko asko du, beste askoren ustez.

Albisteak (1)