Itxi

Erregearen abdikazioa

Juan Carlosek bortxaezintasuna galduko du Felipe errege izendatzean

Erredakzioa

Hala ere, errege izan den bitartean egindakoen aurrean "bortxaezina" izaten jarraituko du Juan Carlosek. Gorteek erabaki beharko dute aurrerantzean Justiziaren aurrean izango duen estatusa.

Juan Carlos I.a Espainiako erregeak bortxaezintasuna galduko du abdikazioaren ondorioz, Felipe VI.a errege aldarrikatzen duten unetik aurrera. Horrez gain, Elena eta Cristina Juan Carlosen alabak "Errege Familia" izatetik "erregearen senideak" izatera pasatuko dira.

Hala ere, errege izan den bitartean egindako ekimenei dagokienez, bortxaezina izaten jarraituko du Juan Carlosek. Gorteek erabaki beharko dute aurrerantzean Justiziaren aurrean Juan Carlosek zein estatus izango duen.

Konstituzioaren 56.3 artikuluaren arabera, erregearen pertsona "bortxaezina" da. Horrez gain, 64. artikuluaren arabera, "erregearen egintzei begira, erantzukizuna izango dute egintzok berretsi dituztenek"; hau da, Gobernuko presidentea eta une horretan ministro lanetan ari diren pertsonak.

Espainiako Gobernuko iturriek azaldu dutenez, erregea izan den 39 urteetan egindakoen aurrean "bortxaezina" izaten jarraituko du Juan Carlosek. Etorkizunari begira Juan Carlosek izango duen estatusaren inguruan, Espainiako Justizian “hutsunea” dagoela ere onartu du Exekutiboak.

Bestalde, Errege Familiaren kideak ere murriztuko dituzte, Felipe printzea errege aldarrikatu ondoren. Hemendik aurrera sei pertsona izango dira Errege Familiako kide: Felipe VI.a erregea, Letizia erregina, Juan Carlos, Sofia, Leonor infanta eta Sofia infanta.

Albisteak (5)