Erregearen abdikazioa
'El Jueves'ek erregeari buruzko azala kendu du ustezko presioengatik
Erredakzioa
Horren ondoren, Albert Monteys aldizkariaren zuzendari ohiak eta Manuel Fontdevilla marrazkilariak aldizkaria utzi dute.
Juan Carlos Borboikoak abdikazioa eman ostean,'El Jueves' aldizkariak erregea eta printzea ekarri zituen azalera Facebooken eta Twitterren. Marrazkian erregea ikus zitekeen, printzeari kakaz eta euliz betetako koroa jartzen. Baina, azkenean, azal hori kendu egin zuten, eta Pablo Iglesias Ahal Dugu alderdiaren bozeramailea jarri zuten haren ordez.
Iturri batzuen arabera, abdikazioari buruzko azala zuten 60.000 ale inprimatu zituzten, baina ez ziren kioskoetara iritsi. Gainera, 'El Jueves' (asteazkenetan kaleratzen den aldizkaria) normalean baino egun bat geroago atera zen, eta Pablo Iglesiasen inguruko azalarekin egin zuen.
Marrazkilari eta erredaktore ezagun askok sare sozialetan salatu dute gertatutakoa, eta batzuek esan dute RBA argitaletxeak errege familiaz ez hitz egiteko agindua eman ziola aldizkariari. Halaber, Albert Monteys aldizkariaren zuzendari ohiak eta Manuel Fontdevilla marrazkilariak aldizkaria utzi dutela iragarri dute Twitterren.
Oraingoz ez da argitu RBAk autozentsura egitea erabakia duen edo Errege Etxearen edo Espainiako Gobernuaren presioengatik aldatu duten.
2006an, Auzitegi Nazionalak 'El Jueves' aldizkariaren edizio bat bahitu zuen (Felipe Borboikoa eta Letizia sexu-harremanak izaten ageri ziren bertan), eta egileak zigortu zituen.